Deflazio hotsek indarra hartu dute: Hegoaldean inflazioa -%0,4ra jaitsi da

Erregaiaren gaineko osasunerako zentimoa desagertzeak are gehiagojaitsarazi ditu prezioak Nafarroan: -%0,8

Miren Garate -

2014ko irailak 13
Bigarren hilabetez jarraian behera egin dute urtearteko prezioek Hego Euskal Herrian. %0,3 merkatu ziren uztailean eta %0,4 abuztuan, INE Espainiako estatistika erakundeak jakinarazi duenez. 2009ko urritik izandako jaitsierarik handiena da. Orduan ere,%0,4 jaitsi ziren.

Espainian ere negatiboa izan da urtearteko tasa (-%0,5), eta deflazio hotsek hauspoa hartu dute. Gertu dago egoera horretatik Nafarroa. Nazioarteko Diru Funtsak dio prezioen jaitsiera iraunkorra dela deflazioa. Arrisku handiak ditu: enpresek eta pertsonek dirua gastatzeko unea atzeratzen dute, prezio merkeagoen zain; horrek kontsumoaren eta ekonomiaren geldialdia eragiten du.

NDFak, berez, ez du zehazten epe jakinik, nahiz eta esaten duen hiruhileko batean edo bitan soilik izanez gero jaitsiera ez dagoela kezkatu beharrik. Nafarroak zortzi hilabete daramatza tasa negatiboekin. Abuztuan, kasurako, iaz baino %0,8 merkeago zeuden salneurriak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan %0,3 izan da jaitsiera.

Batik bat, elikagaien eta alkoholik gabeko edarien jaitsierak eragin du abuztuko tasa negatiboa. %2,3 merkatu dira. Multzo horretan, aipatzekoak dira fruta eta barazki freskoak, %16 inguruko jaitsiera izan dutelako.

Nafarroan, beste faktore batek ere eragin nabaria izan du. Garraioaren arloa %0,9 merkatu da, iazko urte amaieran erregaiei ezartzen zitzaien osasunerako zentimoa kendu izanaren eraginez. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan %0,1 garestitu da arlo hori. Aldiz, urtebetean gehien garestitu diren produktuen artean daude etxebizitzari lotutakoak eta sendagaiak.

Urtearteko inflazioa negatiboa izan den arren, uztailetik abuztura bitartean %0,1 garestitu dira salneurriak. Uda sasoia izanik, gehien garestitu direnen artean daude aisiari eta kulturari lotutako produktuak, eta hotel, taberna eta jatetxeetako kontsumoa. Aldiz, beherapenen sasoia izaten da abuztua, eta arropa eta oinetakoen prezioak behera egin zuen. INEren datuen arabera, abuztu bukaeran urtarrilean baino %1 merkeago zeuden salneurriak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna