Enplegu berderako gida

Trantsizio ekologiko egoki batek lan merkatuan izango lukeen eragin positiboa aztertu dute zenbait elkartek eta sindikatuk. Energia iturriak nazionalizatzea eta haien kontsumoa murriztea dira gakoetako batzuk.

Autobus elektrikoa, Irizarrek Adunan duen plantaren aurrean. M.A. / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Enplegu sorrera eta ekologismoa eskutik joan daitezke. «Gutxiago ekoitzi daiteke, baina hobeto, beharretara egokituago eta xahuketarik gabe»; edo, beste modu batera azalduta, trantsizio ekologiko egoki batek, lanpostu batzuk desagertzea ekarriko lukeen arren, beste batzuk sortuko lituzke. Aipua, eta ondorioak, Ekologistak Martxan-ek, Antikapitalistak elkarteak eta ELA, LAB, ESK, IAC eta MATS sindikatuek eginiko azterlanaren zati bat dira. Hainbat sektoretan pauso berdea emateak lan merkatuan izango lukeen eragina aletu dute.

Bost sektore aztertu dituzte Enplegua eta trantsizio ekosoziala txostenean: energia, basogintza, udal hondakinen kudeaketa, autogintza eta turismoa. Bosten azterketa egin dute, eta hainbat proposamen egin. Hasteko, faktura elektrikoak izandako igoera kritikatu du Juanjo Alvarez Antikapitalistak taldeko kideak: «Tarifaren diseinuak ez du aurreztea sustatzen, eta ez ditu gizarte sektorerik ahulenak babesten». Energia berriztagarrien aldeko erabateko apustua egitea gomendatzen dute, eta, haren eraginez, askoz ere erregai fosil gutxiago kontsumitzea. Ikerketa Espainian oinarritu dute, eta, egileen kalkuluen arabera, zentral nuklearrak desmuntatzeko prozesuak 100.000 lanpostu sortuko lituzke, eta energia berriztagarrien aldeko apustuak, berriz, beste 500.000.

Autogintzak ere toki mardula du txostenean. Egileen ustez, sektorea puztuta dago, Europan bakarrik autoak ekoizteko 300 planta handi baitaude. Beraz, gutxitu egin beharko lirateke, eta langileak jasangarriagoak diren beste arlo batzuetara bideratu. Horrek, dena den, ez luke ekarriko autogintza desagertzea, baina ibilgailu kolektiboak lehenetsi beharko lirateke. «Ibilgailuaren jabetzaren kultura batetik zerbitzu batera igotzea da helburua. Ibilgailu partekatuen parke publiko baten alde egin behar du gobernuak, lanpostu bakar bat ez galtzeko».

70.000 lanpostu basoetan

Beste arloei dagokienez, basoen handitze egoki bat eginez gero,haren zaintzak 70.000 lanpostu sortu ahal izango lituzkeela uste dute. Baina, zehaztu dutenez, «basogintza guztia ez da berdea», eta eukaliptoaren ugalketa baztertu dute. Udal hondakinen sektorean, berriz, banaketa selektiboa ugarituko balitz, 41.985 lanpostu sortuko lirateke. Egileek onartu dute turismoaren adarra dela egokitzen zailena, baina gertuagoko helmugak aukeratzea legoke oinarrian.

Hori guztia posible al da, edo utopiaren eremuan sartu beharra dago? Egileen ustez, lau dira gako nagusiak, baina garrantzitsuena iturriak eta ekoizpen zentroak «nazionalizatzea eta kolektibizatzea» da. Hortik eratorriko lirateke beste gakoak: inbertsio handiak, planifikazio ekonomiko berria, eta langileen mende leude- keen lan-harreman ereduak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.