AIRERATZEAK ETA LUR HARTZEAK

Kateorratzak

Ane Labaka Mayoz -

2018ko abuztuak 23
Ajearekin egongo zela aurreikusi arren, Bilboko pentsionisten manifestaziora berak eramango zuela hitzeman zion biloba batek gurpildun aulkian dagoen amonari. Iruñean Maravillas gaztetxea berrokupatu orduko agertu zitzaion aitona bat bilobari, berak eta bere kideek afaldu zezaten patata tortilla egin berria zekarrela esanez, harro. Izeba batek adi entzun zizkion iloba gazteari maitasun harreman irekien inguruko hausnarketak eta bizipenak, eta iloba hark izebaren sorbalda bilatu zuen teorian erreza zirudiena praktikan zaildu zitzaiolako negargura sentitu zuen aldiro. Lagun batek osabarekin partekatzen ditu bere irakurgai preziatuenak, eta hilabetean behin batzen dira literaturari eta, oro har, bizitzari buruzko kafe tertuliak egiteko.

Estereotipo gehienak betetzen dituen gure familiaren kasuan baratzea izan daiteke belaunaldi ezberdinen arteko loturaren —edo eten puntuen— erakusgarri. Duela pare bat urte utzi zion aitonak ortuko lanak egiteko gai sentitzeari, eta amonak beste urtebetez zikindu zituen apreta zaharrak lurrez eta burugogorkeriaz. Aitona aulki batean eseri eta albo batetik begira izan ohi zuen adi, egiten zuen mugimendu oro zuzendu nahian bezala. Iaz amona izan zen amore eman zuena eta gure aitak hartu zuen beregain lur zati bizi hura zaintzeko ardura. Amonak, baina, ez dio izkin egin dagokion rolari eta ahalegina egiten du gauzak berak-bizitza-osoan-zehar-egin-dituen-bezala egin daitezen. Izan ere, badu sekretu bat amona Mirenek, osin urez prestatutako ongarri magikoa, oraindik orain berak —eta bakarrik berak— prestatzen duena, dakiena.

Gurasoak kanpoan daudenez, oraingoan ahizpari egokitu zaio baratzeko bisita. Aurretik egindako lanari esker munduko tomate samurrenak dauzkagu platerean. Mimatutako piperminak, kalabazinak, lekak... eta horiek denak estimatzeko gaitasuna jaso dugu herentzian. Ez ahizpa gazteenak, ez nik ez dakigu, ordea, amonaren ongarri magikoa nola prestatzen den. Ez dakigu zehazki zertarako hartzen duten aitona-amonek baratxuri ale gordin bat goizero, zergatik oliba olio koilarakada bat. Justuan dakigu pasmo belarra darabiltela infekzioak baretzeko, berbenarekin enplastuak egiten dituztela eta ukenduak argizariarekin. Guk ez dakizkigu sendabelarren izenak, ez eta aitaren moduan zuhaitz, perretxiko nahiz txorien kantuak bereizten ere. Pentsa zenbat jakintza galduko den gure zuhaitz genealogikoaren adarretan barrena.

Ni ere amorrarazten nau amak denari buruz dena jakiteak, eta horrelakoetan erdi brometan, baina oso serio, galdetu ohi diot non eskuratu ote duen todologa titulua. Aita ere madarikatzen dut tarteka ahizpa eta bioi sekula hika hitz egin ez izanagatik, edo hamar esalditik zortzi «gure garaian» esanez hasteagatik.

Aurten amak liburu bat eskatu dit oporretara eramateko, feminismoaz galdetzen du sarri, eta pozik dago lantokian, adibidez, lehen ikusten ez zituen egoera zapaltzaile batzuk detektatzen dituelako. Aitari ere zuzenean eragiten dio amaren kontzientzia piztu izanak.

Belaunaldien artean lotu eta askatu daitezkeen kateorratzak jartzen gabiltza horrela, zilbor-hestetik zilbor-hestera. Posible bada, jakintza bi norabidetan —goitik behera nahiz behetik gora— transmititu dadin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna