Errefuxiatu kopurua bikoiztu egin da azkeneko hogei urteotan

UNHCR-ren arabera, 70,8 milioi iheslari daude munduan. 2017an baino 2,3 milioi gehiago dira

Hiru haur rohyngia, errefuxiatuentzako gune batean, herenegun. NYUNT WIN / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
«Urtetik urtera, bakea egiteko ezgauza dela erakusten ari da nazioartea». UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren bozeramaile Matthew Saltmarshen hitzak dira. Horren ondorioz, indarkeria eta jazarpen egoera batetik ihes egiten dutenen kopuruak gora egiten du urtero. Errefuxiatuen Mundu Eguna da gaur, eta atzo iheslariei buruz urtero osatzen duen txostena plazaratu zuen UNHCRek. Horren arabera, iaz 70,8 milioi errefuxiatu zeuden munduan. Horrek esan nahi du iheslari kopurua bikoiztu egin dela azken hogei urteotan. «Zenbaki horiek dira epe luzera gorantz egingo duen joera baten baieztapena», nabarmendu zuen Filippo Grandi NBEren agentziaren buruak, atzo Berlinen egindako aurkezpenean.

Joera batez mintzo da Grandi. UNHCR duela ia 70 urte hasi zen errefuxiatu kopuruari buruzko neurketak egiten, eta iazko zenbakia neurtutako handiena da. Datu bat: 2017arekin alderatuta, 2,3 milioi errefuxiatu gehiago zeuden 2018an. Beste datu bat: egunero 37.000 pertsonak ihes egin behar izaten dute beren bizitokietatik. Eta agentziak dioenez, argitaratutako kopurua «kontserbadorea» da, Venezuelako krisiak eragindako desplazatu kopurua partzialki jaso baitu estatistiketan.

NBEren agentziak hiru multzotan banatu ditu iheslariak. Batetik, jazarpen, gatazka edo gerra egoera baten ondorioz haien herrialdeetatik alde egin behar dutenak daude (25,9 milioi). Bestetik, beren herrialdeetan geratu diren arren, desplazamendu bat pairatu dutenak (41,3 milioi). Eta hirugarrenik, asilo eskaera egin dutenak (3,5 milioi).

Herrialdeei beraiei dagokienez, iheslari gehien eragiten dituena Siria da (6,7 milioi). Atzetik daude Afganistan (2,7), Hego Sudan (2,3), Myanmar (1,1), eta Somalia (0,9). Errefuxiatu palestinarrak 5,5 milioi dira, baina horiek luzaroko errefuxiatu kontsideratzen ditu UNHCRek.

Errefuxiatu gehien hartu dituen herrialdea, bestalde, Turkia izan da, laugarren urtez jarraian: 3,7 milioi. Pakistanek 1,4 hartu zituen iaz, Ugandak 1,2, Sudanek 1,1, eta Alemaniak ere 1,1.

Txostenak dioenez, iheslari horien erdiak haurrak dira. «Haurrek ez dute ihes egiten aukera gehiago edukitzeko, baizik eta segurtasun soilagatik», azpimarratu zuen Grandik. 92.400 errefuxiatu birkokatu zituzten iaz; horren zain zeudenen %7 besterik ez. Kopuruak gorabehera, agentziaren buruak nabarmendu nahi izan zuen «eskuzabaltasuna eta elkartasuna» handia dela iheslariak hartzen ari direnen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.