ZIGORRA ETA SARIA, SEXUKA

BBCko Txinako arduradunak dimisioa eman berri du bere kargu bera zuten gizonen soldata erdia jasotzeagatik. Islandian eta Alemanian soldata arrakalari aurre egiteko neurriak onartu berri dituzte, baina horiek ez dira nahiko, adituen ustez. Soldata arrakalak erro sakonak baititu.

Lander Muñagorri Garmendia -

2018ko urtarrilak 14
Ez naiz diru gehiago eskatzen ari. Ongi irabazten dudala iruditzen zait, bereziki publikoki finantzatutako erakunde bateko langile izanda. Hori baino gehiago, BBCk legeak bete eta gizonak eta emakumeak berdin baloratu ditzan nahi dut». Carrie Gracie BBCko Txinako ordezkariak adierazpen zorrotzak egin zituen joan den igandean argitaratu zuen gutun irekian. Gizonen eta emakumeen arteko soldata arrakalaren inguruko eztabaida zabaldu zuen horrela beste behin ere, Erresuma Batuko irrati-telebista publikoan lan beragatik soldata ezberdinak daudela frogatu ostean. Soldatak berdintzeko eskaera, gainera, bere dimisioarekin batera iritsi zen, eta hautsak are gehiago harrotu ditu. Eta ez da gutxiagorako, BBCk azken lau urteetan nazioartean izan dituen lau ordezkarien soldatak ezberdinak baitziren. AEBetako eta Ekialde Hurbileko ordezkariak gizonezkoak dira, eta Gracieren soldata baino %50 handiagoa daukate horiek. «BBCk esan zuenaren arabera, badaude soldata ezberdintasun hori arrazoitzeko karguak, baina, gaur-gaurkoz, uko egin diote ezberdintasun horiek zein diren azaltzeari».

Mahai gainean kolpea eman du horrela Graciek, baina ez da lehen aldia irrati-telebista publikoak gisa horretako kritikak jasotzen dituena. Joan den udan, 150.000 eurotik gorako soldata zuten kazetarien zerrenda argitara eman zuen BBCk, eta horietatik herenak baino ez ziren emakumezkoak. Soldatarik onena zuten lehen zazpien artean ere ez zen emakumerik, eta, horregatik, 40 aurkezle emakumek zuzendaritzari eskatu zioten aldatu zezala soldata politika. Azterketa egin, eta gizonezkoen soldatak batez beste %9,3 handiagoak zirela argitaratu zuen hedabideak. Eta, hala ere, iragan astera arte, gizon baten kargu bera zuen emakume batek erdia kobratzen zuen oraindik.

Egoera hori, ordea, ez da berria, eta mundu osoko bazter denetan dago joera hori. Euskal Herria ez da salbuespena. LABek gizonen eta emakumeen arteko soldata berdintasunaren aldeko Europako egunaren harira egindako txostenaren arabera, Hego Euskal Herrian emakumeen soldatek %33,6 igo beharko lukete gizonezkoen parekoak izateko. Gizonek 2014an zituzten batez besteko irabaziak 30.686 euro ziren, eta emakumeenak, 22.976 euro. Alegia, 7.709 euroren aldea urte bakar batean. Soldata arrakala bistakoa da, beraz. Hala ere, aldea txikiagoa da lan ordu bakoitzeko gizonek eta emakumeek jasotzen duten soldata gordinari begiratzen bazaio. Parametro hori kontuan hartuz gero, aldea %14,3rena baitzen duela lau urte. Baina egoera bat edo bestea kontuan hartu arren, datuek errealitate bat uzten dute agerian: soldatek sexuarekin ere zerikusia daukatela.

«Txosten berria lantzen ari da sindikatuko ikerketa taldea, baina, tamalez, ez dugu uste alde handirik sumatuko denik». Zaloa Ibeas LABeko Emakume idazkaritzako arduradunaren arabera, soldata arrakalaren arazoa egiturazkoa da, eta datu eguneratuetan ez du alde handirik espero, orain arte ez delako ezarri «behar bezalako politikarik». Are gehiago kontuan hartuta 2009. eta 2014. urteen artean gora egin zuela Hego Euskal Herriko soldata arrakalak: Nafarroan, gizonen eta emakumeen diru sarreren arteko aldea 1.228 euro handitu zen bost urtean, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, 1.102 euro. Horregatik ez du uste hurrengo txosteneko datuetan alde handirik egongo denik.

Arrakala txikitzeko legeak

Nazioartean orokortuta eta egonkortuta dagoen egoera da hori. Horren lekuko Europako Batasuneko arrakalaren batezbestekoa: %16,3. Egoerari aurre egiteko, Europako Batzordeak sexuen arteko soldata tartea txikitzeko plan bat aurkeztu zuen joan den azaroan, eta konpontzeko hiru arlo zerrendatu zituen: sektoreen segregazioa, goi karguetara iristeko ezintasuna eta zaintza partekatzea. Soldata arrakala ez baita lan beragatik ordain ezberdina ematea bakarrik. Are gehiago, hori debekatuta dago: Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuek onartua duten berdintasun legeek hala diote. Eta Espainiako eta Frantziako konstituzioek ere sexu eta arraza arrazoiengatik soldata ezberdina ordaintzea eragozten dute. «Ez da lege falta; eurek adostutako legeak aurrera eramateko borondate politikoa falta da», Ibeasen arabera.

Hain zuzen, urte berriarekin batera, Islandiako Gobernua ere albiste izan da ildo horretan neurri berritzaile bat martxan jartzeagatik. Onartutako legearen arabera, 25 langile baino gehiago dituzten enpresek soldata berdintasuneko ziurtagiri bat eskuratu beharko dute, horretarako kontu ikuskaritza bat eginez. Ziurtagiri hori eskuratzen ez duen enpresari zigorrak ezarriko zaizkio, eta, bide horretan, 2022. urterako soldata arrakala ezabatu nahiko luke hango gobernuak.

Alemanian bertan ere arrakala horri aurre egiteko neurri berri bat jarri du martxan Angela Merkelen gobernuak. Sozialdemokratek behartuta hartutako erabakiaren arabera, 200 langiletik gorako enpresetako emakumeek eskubidea izango dute jakiteko zenbat kobratzen duten beren lankide gizonezkoek. Eskaera egin ostean antzeko funtzioen truke soldata ezberdinak daudela ikusiz gero, emakume horiek auzitara jotzeko aukera izango lukete, pareko ordaina jasotzeko. Hau da, kasu horretan langileek indibidualki egingo lukete bidea, eta ez legoke neurririk enpresa txikiagoetako egoera bideratzeko.

Sakoneko arazoa

Baina Islandiako eta Alemaniako legeek soldata arrakalaren zati bati bakarrik eragiten diote: diskriminazio zuzenari. Hau da, lan beragatik ordain ezberdinak jasotzeari. Hego Euskal Herrian, ordea, emakumeek 7.710 euro gutxiago jaso badituzte, hori ez da lan beragatik gutxiago ordaindu zaielako bakarrik, baizik eta, hein handi batean, gizonek eta emakumeek lanpostu ezberdinak izan ohi dituztelako enpresetan. Kristalezko sabai deritzona dago horren atzean, hau da, emakumeek goi karguetara iristeko duten ezintasuna. Baina ez hori bakarrik: bereziki feminizatuta dauden sektoreak ere badaude, eta horietako lan baldintzak prekarioagoak izan ohi direla salatu du Ibeasek: «Sistema honek sustatzen duen pentsamenduan, gure lanak gutxiago balio du, eta komeni zaio emakumeak dependente izatea».

Diskriminazio hori ez da zuzenekoa, lan beragatik ez baita gutxiago ordaintzen, baina zeharkako moduan izendatu du Mari Luz de la Cal EHUko Lan Harremanetako Fakultateko Ekonomia Aplikatuko irakasleak. «Hori zenbait arrazoirengatik gertatzen da: aurreiritziengatik, emakumeek aukeratzen dituzten ikasketengatik, eta etxeko lanetarako erabiltzen dugun denboragatik». Etxeko lanen eta zaintzaren zama ere emakumeen gain erortzen da gehienbat, eta horrek ere eragina dauka soldataren zenbatekoan. Lanaldi partzialen %78 emakumeek hartzen dituzte, eta, horren eraginez, soldata txikiagoa daukate. Baina emakumeek oro har soldata txikiagoa daukatenez, bikotekideen artean lanaldi partziala nork hartu erabaki behar denean, emakumeek hartzen dute gehienetan. «Sorgin gurpil bat sortzen da, eta hortik ateratzea zaila da, ez baldin bada behar bezalako neurririk hartzen».

Hasteko, gizonek eta emakumeek guraso baimen berdinak izatea defendatu du: «Eskualda ezin daitezkeenak, gainera. Gizonak baimenak hartzera bideratzeko aukera bat litzateke hori, eta, horrela, enpresariek emakume bat kontratatu behar dutenean, ez lukete pentsatuko baimen bat hartzeko aukera duela». Baina hori proposamen bakarra litzateke soldata arrakalari aurre egiteko. «Ildo horretan hartzen den neurri oro ona da, baina neurri ausartak behar dira». Enpresei begira jarri da arlo horretan, etxeko lanak banatzeko garaian neurri parekideak eskain ditzaten. Baina uste du erakunde publikoek ere politikak martxan jarri behar dituztela zaintzaren arloan parekidetasuna lortzeko. «Zain- tzarako kalitatezko lanpostuak eta behar bestekoak behar dira».

Legeek lagunduko dute egoera hori bideratzen, baina, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariaren ustez, «kontzientziazio lana» egin beharra dago soldata arrakalari aurre egiteko. Enpresei begira egin beharrekoaz hitz egin du, esaterako. «Ekonomiak galdu egiten du emakumeak kontuan hartzen ez dituenean». Eta, horretarako, Munduko Foro Ekonomikoak egindako ikerketa bat baliatu du: horren arabera, soldata arrakalarik ez balego, Europako ekonomia gai izango zen 3,5 bilioi euro gehiago lortzeko. «Langileen talentua kontuan hartzeaz gainera, emaitza ekonomikoak hobetzen direla erakustea positiboa da alde horretatik».

Berdintasun planak

Emakundek egiten duen lanaren zati handi bat enpresetako berdintasun planekin lotuta doa. Gaur-gaurkoz Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 250 langiletik gorako enpresek berdintasun planak egin behar dituzte. Enpresaren diagnostiko bat egiteaz gainera, egoera nola hobetu proposatzen duten planak lirateke horiek. Emakundek 250 langile baino gutxiago dituzten enpresei laguntza ematen die plan horiek egiteko. Ibeasek garrantzia eman die ekinaldi horiei, eta gogoratu du eurek sindikatuan ere halako plan bat dutela. Baina, era berean, Emakundek ildo horretan duen hutsune bat nabarmendu du: «Berdintasun planak betetzen ez dituzten enpresentzat ez dago isunik; horregatik, enpresa askori doan ateratzen zaie, eta ez dute euren jarrera hobetuko». Institutuak aholkulari funtzioa soilik edukitzea gaitzetsi du.

Arlo politiko, sozial eta enpresarialean oraindik lan handia dago egiteko soldata arrakala txikituko bada. Ibeasek, horregatik, gaia aztertuko duen behatoki bat eskatu du, eta Landaidak, arlo eta ikuspegi ezberdinetatik batera lan egiteko beharra. De la Calek, berriz, soldata arrakalari aurre egingo dion plan integral bat. Izan ere, emakumeek aurrerantzean ere ordain txikiagoa ez jasotzeko, aldaketa ugari egin beharko dira gizartearen eta lan munduaren artean. Soldatak sexua izateari uzteko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna