Mende erdi geroago, atzera auzitara

AEBetan, berriz ireki dute Emmett Till afro-amerikarraren kasua. 14 urteko gaztea bahitu eta hil egin zuten 1955ean. Oihartzun handia izan zuen, eta beltzen eskubideen aldeko mugimendua indartu zuen.

Emmett Tillen hilketaren 50. urteurrena oroitzeko ekitaldia, Money herrian, Bryanten denda zegoen tokian. VISIT MISSISSIPPI.
2018ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Duela 63 urte baino gehiago hil zuten Emmett Till 14 urteko afro-amerikar gaztea Mississippin (AEB). Bi gizonek aitortu zuten Till hil izana, baina epaimahaiak errugabetzat jo zituen. 2017an plazaratutako The Blood of Emmett Till liburuak irekiarazi du kasua berriz. 2008an eginiko elkarrizketa batean, Carolyn Donhamek onartu zuen gezurra esan zuela egun hartako gertaerei buruz, senarra eta haren anaiordea, bi hiltzaileak, babesteko. Martxotik kasua irekita dagoela jakinarazi du Justizia Departamentuak hil honetan. Hiltzaileak hilda daude jada, baina Donhami zuhurtziagabekeriazko giza hilketa egin izana lepora diezaiokete.

Tillen hilketari buruzko liburuak Donhamen testigantza biltzen du. «Orduan egia esan izan banu ere, ez dut uste epaileek bestelako erabakirik hartuko zutenik», esanez amaitu zuen testigantza Donhamek. Haren aitorpenak ireki du kasua, baina Justizia Departamentuak nabarmendu du ikerketa historikoak «zeharo zailak» direla «esfortzu ikaragarria» eginagatik ere, eta «gutxitan» lortzen dela justizia egitea. FBIk eskatu du hilotza lurpetik ateratzeko gorpuari proba berriak egiteko.

1955eko udan, Till Chicagotik Mississippira joan zen, senide batzuk bisitatzeko asmoz. AEBen hegoaldean, beltzen aurkako segregazio legeak indarrean zeuden, eta hil ere egiten zituzten. Tillek Carolin Donhamen dendan zerbait erosi zuen. Ez dago argi denda barruan zer gertatu zen, baina Roy Bryantek, dendariaren senarra zenak, eta Bryanten anaiorde J. W. Milamek gau hartan bahitu eta hil egin zuten Till. Hiru egun geroago aurkitu zuten Tillen gorpua Tallahatchie ibaian.

Bryanti eta Milami egotzi zieten gaztea hil izana, eta epaitu egin zituzten. Epaiketan Donhamen lekukotza garrantzitsua izan zen—garai hartan Carolyn Bryant izena zuen—. Lekukoak esan zuen Tillek lausenguak egin zizkiola eta ukitu egin zuela Nahikoa izan zen Donhamen lekukotza soilik herritar zuriz osatutako epaimahaiak bi gizonak aske uzteko kargurik gabe. Tillen hilketak oihartzun handia izan zuen AEBetan, haren amak hileta elizkizunetan hilotza erakusteko erabakia hartu baitzuen. Aurpegia desitxuratuta zeukan gazteak, ingurukoek Till zela ez antzemateko moduan. Gertaera hark beltzen eskubideen eta eskubide zibilen aldeko mugimenduak indartu zituen.

Lege aldaketak

Kasuak hamarkadak zeramatzan itxita. Irekitzeko hainbat saialdi egin dira azken urteetan. 2004an, AEBetako telebista kate batek dokumental bat eman zuen kasuari buruz, eta erakutsi zuen beste zazpi pertsonak ere parte hartu zutela bahiketan. Kasua auzitegira iritsi zen berriz ere, baina epaileek arbuiatu egin zuten, argudiatuz krimena leporatzeko epealdia iraungita zegoela.

2008an, George Bush AEBetako presidenteak Emmett Tillen legea sinatu zuen. Lege horrek eskubide zibilen aurkako erasoen inguruko kasuak berriz irekitzeko eskubidea aitortzen du, nahiz eta iraungita egon. Legea 2016an jarri zuen indarrean Barack Obama orduko presidenteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.