«Gerraren amaieraren eguntzat joko dute»

Afganistango Gobernuak eta talibanek bake elkarrizketak hasi dituzte, Qatarren, eta bihar ekingo diete aurrez aurreko negoziazioei. Nazioarteko hainbat estatuk su-eten bat adosteko eskatu diete

Kabulek eta talibanek atzo hasi zituzten elkarrizketak, eta saio horretan nazioarteko hainbat agintari izan ziren, tartean Mike Pompeo AEBetako Estatu idazkaria —ezkerretik hirugarrena—. STRINGER / EFE.
ander perez zala
2020ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Afganistango Gobernuak eta talibanak, bake elkarrizketetako bi aldeek irtenbide bat adosteko konpromisoa agertu zuten atzo, Dohan, «historikotzat» jo dituzten negoziazioen hasierako saioan. Prozesu horren helburu nagusia ia bi hamarkadako gerrari amaiera ematea izango da, eta Kabulek eta integrista sunitek menia iraunkor bat adostea litzateke lehen urratsa, nazioarteko hainbat estatuk eta taldek eskatu bezala. Abdullah Abdullah Afganistango gobernuburu eta Berradiskidetze Nazionalerako Kontseilu Gorenaren arduradunak «bakea finkatzeko aukera baliatzera» dei egin zuen: «Konfiantza handiz esan dezaket honako hau: gerraren amaieraren eguntzat joko dute [atzokoa]».

Afganistango Gobernuak iragan astean jakinarazi zuen askatu egin zituela adosturiko 5.000 preso talibanak, eta horrek eman die bidea atzo abiaturiko elkarrizketei. Izan ere, aurtengo otsailean sinaturiko itunaren arabera, gobernuak preso talibanak askatu behar zituen negoziazioak hasi aurretik, baita talibanek segurtasun indarretako mila kide inguru ere. Horiek horrela, integrista sunitek beste 22 kide askatzea erabaki zuten atzo, elkarrizketei begirako «keinu» gisara.

Hori bai, datozen hilabeteei begira, talibanen buruzagiorde Abdul Ghani Baradar mullak —islamaren doktrinan eta legean aditua— aitortu zuen «pazientzia handia» beharko dutela, baina ziur agertu zen emaitza positiboak lortuko dituztela: «Munduari esaten diogu saiatuko garela irtenbide on bat lortzen». Itxaropenerako mezu horrekin batera, ordea, beste aldearekiko desadostasun garrantzitsu bat utzi zuen agerian: Afganistanentzako nahi duten sistema politikoa, xaria lege islamiarrean oinarritua.

AEBen mezua

Atzoko saioan, nazioarteko hainbat agintari ere izan ziren, tartean Mike Pompeo Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Estatu idazkaria, zeinak bi aldeei adierazi zien irtenbide bat «onuragarria» izango dela datozen belaunaldi guztientzat.

AEBek eta talibanek itun bat adostu zuten iragan otsailean, eta, horren arabera, Washingtonek eta haren nazioarteko aliatuek beren tropak aterako dituzte Afganistandik hamalau hilabeteko epean.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.