Ane Labaka Mayoz.
AIRERATZEAK ETA LUR HARTZEAK

Biluzik

2018ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Xherriko igerileku irekiak. Aspaldi egon gabeko kuadrillakoekin egun-pasa. Sartu garenean etxe osoa gainean generamala zirudien. Gero akaso ukitu ere egingo ez ditugun trastez markatu dugu egun osorako gure belardi zatia izango denaren perimetroa. Ajearekin daudenak itzaletan etzan dira zuzenean. Barruko umeari nahi duenetan kanpora ateratzeko oztopo gutxien jartzen dioten bi korrika doaz txirrista erraldoienerantz. Beste bat bizkarra zuhaitzaren kontra pausatuz eseri da, jengibre infusio bat ekarri du etxetik, azkenaldian irakurtzen baino gehiago irensten ari den liburua digeritzen lagunduko omen dio. Gainerakoak eguzkipean etzan gara, eskuoihalekin kolore ezberdinetako mosaikoa osatu ondoren.

—Zuk uste hemen topless egiteagatik zerbait esango digutela?

—Auskalo... Niri behin gertatu zitzaidan beste igerileku batzuetan. Uste dut bikiniaren goiko zatia janzteko eskatu zidan sorosleari niri baino lotsa handiagoa eman ziola hori eskatu behar izateak. Baina arauak arau omen dira eta...

Azkenean, ohikoa dugun naturaltasunaren zantzurik gabe baina kolektiboki burutu dugu gure iraultza txikia. Hala ere, nahikoa berotu eta uretara jaisteko unea zela iruditu zaigunean bularretakoa jantzi dugu guztiok berriro, automatikoki.

Uretatik irteterakoan lagunei beha egon naiz aurrez nik egindakoa errepikatzen ote zuten ikusteko. Estresa sortzen du uretatik atera eta gorputzeko gune sakratuak justu-justuan estaltzen dizkiguten oihal zatiak bere lekuan daudela egiaztatzeak, eta hala ez badaude guztiak beraien lekuan kokatzeak, disimuluz baina presaka. Gogortu sabelaldea udarako plazerak nabaritu ez daitezen. Tira beheko zatiari gorantz, goikoari beherantz, bi aldeetara. Norbait begira balego ere, ez dadila ezer tokiz kanpo egon, eta ez dadila ezer ikusi. Ezkerraldeko iztarteko ile intsumiso bat, «ai ama, ile bat». Edo ezkerreko bularreko milimetro bat. Ezer ere ez.

Y hondartzaren atzealdeko izenik gabeko kala galduak. Aspaldi egon gabeko lagun minarekin egun-pasa. Motxila txiki banarekin igo ditugu paradisuranzko eskailerak. Lasaitasuna eta bakea arnasten dira kresalak urratutako arroken artean. Ur gardenak kilimak egiten dizkigu oinetan. Horrelakoetan ohartzen naiz zenbat baloratzen dugun urrutikoa, gertuan daukaguna ezagutzeke. Eremu nudista da. Gutxiengo bat bainujantzia jantzita dago, gehiengoa guztiz biluzik —asko gizon helduak dira—.

—Estimatzen da gorputz errealak ikusteko aukera, ezta?

—Bai, gauza bera pentsatzen ari nintzen...

Adineko emakume bat igaro da gure aurretik. Munduarekin, sistemarekin edo dena delakoarekin haserretu naiz istantean. Nork sinetsarazi zigun bular eroriak ez direla ederrak? Are gehiago, nork sinetsarazi zigun erorita daudela eta ez beraien lekuan? Neure burua harrapatu dut jakinminari eutsi ezinda, gorputzen aniztasunari errespetuz erreparatzen; sabelalde puztuak, berna haragitsuak, barizeek zeharkatutako izterrak, orpo biluziak, estriak, ipurdi iletsuak, orbainak... Inperfekzioak.

—Ikusi al duzu argazkia? Duela gutxi bularra ematen ari zen emakume bati estaltzeko agindu diote eta berak burua estali du.

—Eta zu, zenbat jendek ikusi zaitu biluzik?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.