Getafe 1 Alaves 1

Oinarri sendoa dauka

Alavesek berdindu egin du Getaferen zelaian, eta galdu gabe segitzen du. Defentsako lan ona eginez menderatu du lehia

Alaveseko Victor Laguardia, Getafeko Marc Cucurellari baloia kentzen ahalegintzen, atzoko partidan. MARISCAL / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2019ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Getafe. David Soria; Damian, Djene, Cabrera, Nyom; Fajr (Portillo, 57. min.), Aranbarri, Timor (Markel, 69. min.), Cucurella; Jorge Molina eta Mata (Angel, 61. min.)

Alaves. Sivera; Martin, Laguardia, Ely, Duarte, Marin (Luis Rioja, 68. min.); Pina, Wakaso, Manu Garcia (Tachi, 87. min.), Aleix Vidal (Lucas Perez, 77. min.); eta Joselu.

Golak. 1-0. Jorge Molinak (24. min.); 1-1. Joseluk 31. min.).

Epailea. Melero Lopez. Txartel horiak: Getafeko Jorge Molina, Aranbarri eta Markeli; eta Alaveseko Wakasori.

Bestelakoak. 10.806 ikusle Alfonso Perez koliseoan. Alaveseko zale asko joan ziren, taldea animatzera.

Alavesek galdu gabe segitzen du ligan hiru partida jokatu eta gero, eta sasoiko bigarren berdinketa eskuratu zuen atzo Getaferen zelaian. Etxekoak ez dabiltza aurreko denboraldian bezain fin, atzokoa bigarren puntua baitute, baina beti izaten da zaila haren etxean jokatzea. Are zailagoa normalean aurkariak deseroso jardunarazten dituen aurkaria katea motzean lotzea, eta horren jabe egin zen Asier Garitanoren taldea; batez ere, bigarren zatian.

Agerian geratu zen Alaves ondo ari dela Bergarako entrenatzailearekin lanean. Hari gustatzen zaion bezala, taldea atzetik aurrera eraikitzen ari dela oso garbi dago, eta sendo ikusi zen atzo taldea baloirik gabeko lanean. Ondo lehiatu ziren jokalariak, Getafekoen pare jarrita alor horretan, eta hori izaten da oinarrizkoa zelai horretan fundamentuzko zerbait egin ahal izateko.

Erdiko hiru atzelari atera zituen Garitanok, hegaleko bi jokalarirekin, eta zelai erdian lau kokatu zituen, Manu Garciari askatasuna emanez Joselu aurrelariaren inguruetara azaltzeko; gehienbat, baloi luzeetan atzelariak ezustean hartuz. Pachecok ezin izan zuen jokatu, min hartu zuelako beroketan, baina Siverak ondo bete zuen titularraren lekua atzo. Getaferi baloia emanez hasi zen Alaves, ez baitu hori indargunea etxeko taldeak. Ondo zihoan plana, baina 21. minutuan okertu egin zen, Wakasok zelai erdian inozo galdutako baloi bat baliatu baitzuen Jorge Molinak gola sartzeko. Aldeko emaitzarekin ibiltzen da erosoen Getafe, baina azkar berdindu zuen Joseluk, jokaldi nahasi batean, 31. minutuan.

Bigarren zatian, jokoa menderatzeko gai izan zen Garitanoren taldea defentsako lanetik abiatuta, eta puntu onari, emandako itxura ona gehitu zion atzoko partidan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.