Wolfsburg 1-4 Olympique Lyon

Olympique Lyonek bosgarren aldiz irabazi du Txapeldunen Liga

Hutsean berdindu dute lehen 90 minutuetan, eta Wolfsburgek gola sartu du luzapena hasi eta berehala, baina Lyonek irauli egin du lehia

Olympique Lyoneko jokalariak, garaipena ospatzen, atzo. SERGEI DOLZHENKO / EFE.
Julen Etxeberria.
2018ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Wolfsburg. Schult; Blaesse, Fischer, Goessling, Maritz; Graham Hansen (Wullaert, 46. min), Gunnarsdottir (Wedemeyer, 57. min), Popp, Dickenmann (Kerschowski, 87. min); Harder eta Pajor.

Olympique Lyon. Bouhaddi; Bronze, M'Bock Bathy, Renard, Bacha (Cascarino, 64. min); Marozsan, Kumagai (Van der Sanden, 94. min), Henry, Majri; Hegerberg eta Le Sommer (Abily, 114. min).

Golak. 1-0.Harderrek (93. min); 1-1. Henryk (98. min). 1-2: Le Sommerrek (99. min). 1-3: Hegerbergek (103. min). 1-4: Abilyk (116. min).

Epailea. Jana Adamkova (Txekiar Errepublika). Txartel horiak: Wolfsburgeko Maritzi; eta Olympique Lyoneko Bachari eta Le Sommerri. Txartel gorriak: Wolfsburgeko Poppi (95. min).

Bestelakoak. Ia bete egin zen Kieveko Valeri Lobanovski estadioa, 16.000 ikusle inguru.

Marka da gero 90 minutuan golik ez sartzea eta hamahiru minutuan lau sartzea. Bada, horixe gertatu zen atzo Kieven, Txapeldunen Ligako finalean. Hutsean berdindu zuten Wolfsburgek eta Olympique Lyonek lehen 90 minutuetan, baina luzapeneko lehen hamahiru minutuetan lau gol sartu zituzten. Marka da, halaber, alemaniarrek sartu izana lehena, 93. minutuan, eta frantziarrek hurrengo hirurak, hamar minutuan. Beste gol bat ere sartu zuen Lyonek, laugarrena, baina luzapena amaitzear zela sartu zuen, 116. minutuan.

1-4 izan zen azken emaitza. Garaipena eta titulua Frantziako taldearentzat. Bosgarrena du, hirugarrena jarraian. Inork ez du lortu halakorik, ez bost aldiz txapeldun izatea, ez hirutan erreskadan nagusitzea. Inoizko talderik onena da atzotik.

Gakoa, Van der Sanden

Merezita irabazi zuen Olympique Lyonek, baina 1-4koa zigor handiegia da Wolfsburgentzat. Lehen 90 minutuetan nagusi izan ziren frantziarrak, eta partidaren kontrola izan zuten, baita aukera garbienak ere. Hori gutxi ez, eta epaileak ez zien ontzat eman Henryk sartutako gol bat. Buruz errematatu zuen Lyoneko erdilariak, eta baloiak goleko marra pasatu zuen nabarmen, baina epaileak ez zuen hala ikusi, eta VARa ez dagoenez, golak ez zuen baliorik izan.

Luzapena hasi eta Wolfsburgek kolpea jotzea, biak bat izan ziren. Harderrek urrutitik jaurti zuen, eta baloiak Renard ukitu ondoren, sarera joan zen. Gutxi iraun zien, ordea, poza alemaniarrei. Bi minutu eskas geroago epaileak Popp kanporatu zuen, eta handik hiru minutura banakoa lortu zuen Lyonek. Irten berria zen Van der Sandek jokaldi bikaina egin zuen, eta Henryk errematatu. Van der Sanderen oinetatik etorri ziren hurrengo bi golak ere, Le Sommerrek eta Hegelbergek sartutakoak. Amilyk lortu zuen laugarrena, lehia amaitzear zela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.