Musika funtsen eta bildumen mapa digital bat egingo du Eresbilek

Arantzazuko musika eskuizkribuen katalogazioa amaitzea du beste helburuetako bat. Bilboko Orkestra Sinfonikoak itxiko du Musikaste
Jon Bagues Eresbileko zuzendaria, atzo, Donostian.
Jon Bagues Eresbileko zuzendaria, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU

Miren Garate -

2019ko urtarrilak 16
Ondarearen Europako Urtea izan zen 2018a, eta, ildo horri jarraituz, Euskal Herrian dauden musika funtsak bilatu eta ezagutu nahi ditu Eresbil musikaren euskal artxiboak. Jon Bagues zuzendariak jakinarazi duenez, erakundearen aurtengo erronketako bat musika funtsen eta bildumen mapa digital bat egitea da; hain zuzen, 2017an Eresbilek egindako gida osatuko du lan horrek. Bandekin hasi dira, baina koruen, txistulari banden, parrokien eta bestelako erakundeen funtsetara ere joko dute.

Bestelako helburu batzuk ere baditu musika artxiboak urteari begira. Iaz hasi ziren Arantzazuko monasterioan gordeta dauden musika eskuizkribuak katalogatzen, eta lan hori aurten amaitzea nahi dute. Behin hori egindakoan, frantziskotarrek XVII., XVIII. eta XIX. mendeetan —1835ean monasterioa erre aurretik— interpretatzen zituzten mila obratik gora sarean kontsultatzeko aukera egongo da. Horietako 488 obra katalogatuta daude dagoeneko.

Musikaste izaten da Eresbilen urteko egitasmo garrantzitsuenetako bat, eta 47. aldia noiz izango den ere iragarri du Baguesek. Maiatzaren 17tik 25era izango da, bi astebururen bueltan. Joakin Oxinaga musikari barrokoaren irudia gogoratuko dute, Khantoria taldearen bidez. Eta, Baguesen esanetan, «kutsu bizkaitarra» izango du amaierako kontzertuak, Bizkaiko konpositoreei eskainiko zaielako. Bilboko Orkestra Sinfonikoak joko ditu haien lanak.

Bestelako data batzuk ere markatuak ditu Eresbilek. Otsailean, esate baterako, Musika Dokumentazioaren Espainiako Elkarteak (AEDOM) antolatutako jardunaldietan parte hartuko dute erakundeko ordezkariek, eta, uztailean, Krakovian (Polonia) izango dira, Musika Liburutegien Nazioarteko Elkartearen kongresuan. Era berean, EHUko argitalpen zerbitzuekin eta Musikenerekin hitzarmen bat sinatu zuten iaz, euskal musikagileen sorkuntza lanei buruzko ikerketa sorta bat argitaratzeko. Kalean dago lehen alea; hain zuzen, Mario Lerenak Pablo Sorozabal musikagilearen (Donostia, 1897-Madril, 1988) obra eszenikoari buruz egindako ikerketa bat jasotzen du. Ahal den heinean, urtero lan bat argitaratzea da helburua.

Ia 260.000 dokumentu

Hasi berri den urteari begira dituzten asmoen berri emateko ez ezik, iazko urtearen errepaso bat egiteko ere baliatu du agerraldia Baguesek. Gora egin du inbentariatutako dokumentuen kopuruak, eta ia 260.000 dira jada. Horietatik, ikus-entzunezkoak dira gehienak (%44), baina asko dira partiturak (%37), dokumentuak (%11) eta liburuak (%8) ere.

Zenbaketa horretan ez dira sartzen iaz dohaintza moduan jasotako dokumentuak, haiek tratatzeko behar den denboragatik. Hala ere, horietako lau nabarmendu ditu Baguesek: Jaime Albillosen, Jose Ignacio Errendorenaren, Jose Luis Erkiziaren eta Tomas Garbizuren funtsak. Aipamen berezia egin die Garbizurenei: «2017aren amaieran hasi ziren sartzen, baina partitura gehienak iaz jaso genituen. XX. mendeko konpositore handi bat da Garbizu. Ez zuen musika erlijiosotik eta koraletik haratago asko editatzeko zorterik izan, baina, bi genero horietarako ez ezik, musika asko du pianorako, ganberarako, txisturako eta abar ere». Jasotako ondare hori guztia Musikasteren bidez edo Eresbilera errepertorio berri bila joaten diren artisten interpretazioaren bidez ateratzea da erakundearen nahia.

Iazko Musikastek emakume musikagileek sortutako musika ondarean oinarritu zuen programazioa, eta, horri esker, Eresbilek 47 obra berri barneratu zituen bildumara. «Nabarmendu nahi dugu Baionako Euskal Museoan gordetzen ziren Bringuet Idiartborderen zortzi obra barneratu eta digitalizatu ditugula».

Iazko jardueren artean, nabarmentzekoa da Jose Luis Ansorenari egindako omenaldia ere. Artxiboaren sortzaileetako bat da hura, eta 90 urte bete zituen iaz. Errenteriako Udalak (Gipuzkoa) Musika plazari Jose Luis Ansorena Musika plaza izena jarri zion ekitaldi horretan. Omenaldiekin jarraituz, Sorozabalen obrari buruzko webgune tematikoa ere jarri zuen Eresbilek, haren heriotzaren hogeita hamargarren urtemuga zela eta.

Eresbilen webguneak 373.825 bisita jaso zituen iaz; gehienak, AEBetatik (%45,9). Eskaera gehienak posta elektronikoz egiten zaizkio gaur egun artxiboari.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna