Ro'Casa 32 Bera Bera 31

Abiatzeko, kolpea

Bera Berak luzapenean galdu du Espainiako Superkopa. Lusonen eta Mbengueren jokoa geratu ezinik jardun dute donostiarrek

Bera Berako Mariane Fernandez, triste, atzoko porrota eta gero. ARITZ LOIOLA / FOKU.
ainara arratibel gascon
2019ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Ro'Casa.Palomino, Luson (11), Mbenge (6), Haridian Rodríguez(6, 3p), Gutkowska (1), Melania Falcon (2), Pérez (1), Tanaskovic,

María González (2), Arinegua (3), Valdivia, Ramos, Spugnini eta Sanchez.

Bera Bera. Castellanos, Maitane Etxeberria (2),

Menendez (1), Arrojeria (4), Teres (1), Fernandes (8), Gil (4),Pizzo (3), Cardoso (4, 2p), Arderius (2), Cesareo (2), Boadaeta Ainhoa Etxeberria.

Markagailua. 3-2; 5-4, 7-7; 9-8; 12-9; 16-11

-atsedenaldian- 17-14; 19-18; 21-22; 23-24; 25-26; 27-27.—amaieran—. Luzapenean 29-29 eta

32-31.

Epaileak. Perez eta Martin. Bi minutuz kanporatuak: Ro'Casako Haridian eta Mgbenge; eta Bera Berako Arrojeria eta Cesareo.

Bestelakoak. 1.400 ikusle Eibarko Ipurua kiroldegian.

Super Amara Bera Berak ezin izan dio sasoiari titulu bat irabazita ekin. Atzo, Eibarren, 32-31 galdu zuen Ro'Casaren aurka Espainiako Superkopako finala. Luzapenean erabaki zen lehia, eta donostiarrek egindako ahaleginak ez zuen saririk izan. Aho zapore gaziarekin ekin dio, beraz, sasoiari Imanol Alvarezen taldeak.

Deseroso eta kontrakarrean aritu zen lehen zatian Bera Bera. Lehiak erritmoa izan arren, kostatu egiten zitzaion erasoan zuloak topatzea. Defentsan, berriz, Sayna Mbenguek (sei gol) eta Lizandra Lusonek (11 gol) min handia egin zien donostiarrei. Ezin zuten haien arteko jokoa geratu. Ro'Casaren atean, gainera, Anabel Palominok hartu zuen Silvia Navarroren lekua, gaixorik ez baitzen Eibarren izan, Ordezko atezainak, haatik, oso gelditu onak egin zituen

Bisitariak bat edo bi goleko aldeaz zihoazen aurretik, baina errenta hori handiagotu egin zuten lehen zatiaren azken txanpan, Bera Berak galdutako hiru baloi aprobetxatuta. Partidaren abiadura, gainera, Ro'Casak ezarri zuen une horietan. Hala, atsedenaldian bost goleko aldeaz ziren atzetik donostiarrak: 16-11.

Finala maldan gora zuten. Baina atsedenalditik oso bestelako itxura emanez itzuli zen Bera Bera. Ohikoa duen joko bizia eta oldarkorra egiten hasi zen, eta 36. minutuan gol bakarrera zegoen. 17-16. Berriro titulua lortzeko borrokan zen Bera Bera, are gehiago partidaren bilakaera ikusita. Ro'Casa zen orduan nahi eta ezin ari zena. Gainera, kolpea jaso zuen, Mbenguek belaunean min hartu, eta jokatu ezinik geratu zenean.Bera Bera 42. minutuan jarri zen estreinakoz aurretik; 21-20.

Silvia Arderiusen gidaritza, Mariane Fernandesen jaurtiketak eta Merche Castellanosen geldituak agertu ziren orduan. Hiru minutu falta zirenean bi goleko abantaila zuen Bera Berak: 27-25. Hatzekin ukitzen zuen beste Espainiako Superkopa bat. Baina ez zuen errematatzen jakin, eta lehiako azken jokaldian, falta bat eta gero, zalantzako penaltia adierazi zioten Alba Menendezi, eta txartel gorria atera. Lusonek ez zuen huts egin, eta arauzko denbora 27na amaitu zen.

Luzapeneko lehen zatia berdindua izan zen. Bi taldeek ondo kudeatu zuten nekea, eta bost minutuak berdinketarekin amaitu ziren berriro ere: 29-29. Bigarren zatian, ordea, Luson izan zen Imanol Alvarezen taldearen borrero.Aldi horretan Ro'Casak sartutako hiru goletatik bi berak sartu zituen, eta harenjokoa nola geratu asmatu ezinik aritu zen Bera Berako defentsa. Palominok ere pare bat gelditu erabakigarri egin zituen. Hala iritsi zen porrota. Nahiz eta Manuela Pizzok azken jaurtiketa bat izan zuen berriro ere norgehiagoka berdintzeko. Atzokoa ahaztu, eta datorren astean hasiko den ligari begira jarri behar du gaurtik aurrera Bera Berak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.