Veneziako Mostra zinemaldiak Urrezko Lehoia emango du gaur

Erredakzioa -

2018ko irailak 8
Atzo eskaini zuten Veneziako 75. Mostra zinema jaialdian Sail Ofizialean lehian aritu diren 21 filmen arteko azkena: Shinya Tsukamoto zuzendari japoniarraren Killing pelikula. XIX. mendeko samurai ikastunei buruzkoa da lana, eta ikusle eta zinema kritikarien txaloak jaso zituen. XIX. mendeko samuraien eta gaur egungo gizartearen antzekotasunak nabarmendu ditu Tsukamotok. «Lotura asko daude, gaur egun jende askok uste baitu bortxa dela erantzuna». Inor hiltzeko prest ez zegoen samurai baten istorioa ardatz hartzea erabaki zuen zinemagileak horregatik.

Tsukamotoren lanak kritika onak jaso dituen arren, Alfonso Cuaron zinemagile mexikarrak aurkeztu duen Roma filma da Urrezko Lehoia irabazteko faborito nagusia. Gravity-rekin (2013) hainbat Oscar sari irabazi zituen Cuaronek, baina oso bestelako pelikula sortu du oraingoan: 1970eko hamarkadako Mexiko Hirian girotuta, familia istorio bat kontatu du zuri-beltzean.

Bada, gaur argituko dira zalantzak, iluntzean emango baitute 75. aldiaren palmaresaren berri, Veneziako Zinemaren jauregian egingo den ekitaldian.

Matriarkatuari gorazarre egiten dio, besteak beste, Cuaronen lanak, eta emakumeen presentzia nabarmena izan da jaialdian aurkeztutako pelikuletan. Nolanahi ere, Mostrako Sail Ofizialean lehian aritu direnen artean, bakarra gidatu du andre batek: Jennifer Kent australiarrak, alegia.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna