UHINETATIK TIRAKA

Fikziozko audio-liburua

Xabier Lasa -

2018ko irailak 2
Hizkuntzen unibertso itxia. RN-R5 Espainiako irrati publikoak erritmo pausatuari eusten dio, antsietateak jotako irrati jeneralistek aspaldi galdutako erritmo horri. Bertako kazetariek beren denbora hartzen dute, ondo dokumentatutako erreportajeak taxutzeko. Joan den abuztuaren 25a da; larunbat goiza da, eta irrati hori daukat sintonizatuta. IƱigo Pikabea esaleak audio-liburua du aztergai, nola dagoen salerosketen merkatua Espainian. Datu eta balorazio parrastaden artean, nobelen audioak sartzen dizkigu tarteka. Gaztelania eta ingelesa dira aditzen ditugun hizkuntzak. Tira, zenbatetan ez ote diguten agindu, zera, iraganeko kontua dela frankismoan sufritutako gaztelaniaren gorengotasun kulturala, demokraziarekin Espainia hizkuntzen eta kulturen erreinu bateratzailea bilakatu dela, guztiak direla guztionak, eta hau eta beste? Irrati esatariak, egin zuena egin ordez, gaztelaniaz gain katalana, galegoa edo euskara hauta zitzakeen erreportajea ilustratzeko, kontuan hartuta gaztelaniaz gain beste hiru hizkuntza horiek ama hizkuntzatzat dituzten entzuleen zerbitzura ere badagoen irrati publiko batean ari dela. Mundu ikuskera jakin bat islatua geratu zen erreportajean, frankismoko supremazismoaren tradizioari eusten doana.

Fikzioaren abangoardia. Ez da huskeria, ezta salbuespena ere Pikabearen erreportajeko detaile hori. Arau bihurtutako jokaera da Espainian. Franco ezagutu ez zuen belaunaldiko kidea da Pikabea, demokrazian hazi eta hezia, Nafarroako Unibertsitatean kazetaritza ikasia. Esatari zaildua RTVEn, nazioarteko berriemailea eta albistegietako erredaktorea izan dena azken bi hamarkadetan. Dagoen tokian dagoela, kultur aniztasunaren baloreak transmititzearen aldeko konpromiso publikoa hartu duen giza taldeko kide behar luke izan; beste hitzetan, Espainiako demokraziaren abangoardia behar luke izan, politikariekin, unibertsitate eta hezkuntzako irakasleekin, epaileekin... batera. Baina kontrakoa erakusten digu bere praxiak. Hamarkadetan nazkatzeraino kontatu diguten ipuin polita baizik ez dela diskurtso ongilea, kultur aniztasunarena. Eurek ere sinesten ez dutena, eta okerragoa dena, ez dutena aplikatzen egunerokoan. Konstituzioaren liburu sakrosantua fikziozko nobelatzat hartu eta audio-liburuan grabatu dutena, arrosarioaren erretolikaren antzera errepikatzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna