Olympique Lyon 4-1 Bartzelona

Seigarrena, oso erraz

Olympique Lyonek laugarrenez jarraian irabazi du Txapeldunen Liga. Lehen ordu erdian lau gol sartu ditu, horietatik hiru Hegerbergek

Olympique Lyoneko jokalariak eta entrenatzaileak, titulua ospatzen, atzo, Budapesten. BERRIA.
ainara arratibel gascon
2019ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Olympique Lyon. Bouhhadi; Bronze, Renard,M'Bock, Majri; Fishlock (Kumagai, 72. min.), Henry, Marozsan, Van de Sanden (Cascarino, 63. min.);Hegerberg eta Le Sommer (Bacha, 82. min).

Bartzelona. PaƱos; Torrejon, Pereira, (Van der Gragt, 81. min.), Maria Leon, Ouahabi; Losada, Bonmati (Alves, 69. min.), Alexia Putellas, Caldentey; Martens eta Duggan (Oshoala, 69. min.).

Golak. 1-0. Marozsanek (5. min.); 2-0. Hegerbergek (14. min.). 3-0. Hegerbergek (20. min.). 4-0. Hegerbergek (30. min.). 4-1. Oshoalak (89. min.)

Epailea. Anastasia Pustovoitova (Errusia). Txartel horiak: Olympique Lyoneko Hegerbergik eta Renardi.

Bestelakoak. 19.487ikusle bildu dira Budapesteko Ferencvaros estadioan.

Europako talderik onena dela berretsi du beste sasoi batez Olympique Lyonek; Ada Hegerbergek, berriz, aurrelari onena dela. Frantziako taldeak laugarrenez erreskadan irabazi du Txapeldunen Liga, seigarrenez bere historian. Hala, bere nagusitasuna areagotu du, atzo Bartzelonari 4-1 irabazi eta gero.

Partidako izarra Hegerberg izan da, hiru gol sartu baitzituen hamabost minutuan, arean parekorik ez duela erakutsiz. Norvegiako aurrelariak uko egin dio hemendik hiru astera Frantzian jokatuko den Munduko Kopan parte hartzeari, gizonezkoen soldatak askoz handiagoak direla salatzeko, eta, Txapeldunen Ligako finalaren agertokian, urrezko baloiak ez zuen aukera galdu nahi izanduen maila erakusteko.

Aurreko hiru finalak sufrituz irabazi zituen Frantziako taldeak: 2016koa eta 2017koa, penaltietan, eta iazkoa, luzapenean. Oraingo honetan, ordea, ezusterako aukerarik ez zuen eman. Lehen ordu erdian lau gol sartu zituen, eta guztiz erabakita utzi zuen finala.

Historia gutxi izan zuen partidak. Bartzelonak lehen finala jokatzeko ilusioa zuen, baina esperientzia falta ordaindu zuen. Lehia hasi eta berehala, aurretik jartzear egon zen, baina Dugganek gurutzatuegi errematatu zuen Caldenteyk bidalitako pase sakona, laugarren minutuan.

Lyonen aurrean barkatzen duenak ordaindu egin ohi du, eta Bartzelonak ederki egiaztatu zuen, hurrengo jokaldian kolpea jasotzen baitzuen. Van de Sande ondo sartu zen eskuinetik, eta Marozsanek ederki aprobetxatu zuen haren erdiraketa (5. min).

Hortik aurrera, Lyonek, azeleragailua zapaldu, eta arrabola jarri zuen martxan. Aukera bat bestearen antzetik sortzen hasi zen, bere abiadura eta nagusitasun fiskoa baliatuz. Bartzelona erabat gaindituta egon zen. Marozsan eta Van de Sanden behin eta berriz sartu ziren hegaletatik, eta haiek egindako erdiraketak ederki baliatu zituen Hegerbergek.15. eta 30. minutuen artean sartu zuen hat trick-a. Partidan egin zituen lehen lau jaurtiketetatik hiru sarera joan ziren. Frantziarren lau golak oso antzekoak izan ziren. Bartzelonak lehen zatian egin zuen beste aukera bakarra korner batean izan zen; Putellasek, ordea, gora bidali zuen burukada.

Bartzelonaren gola

Bigarren zatian, Bartzelona ahalegindu zen gutxienez gol bat sartzen. Baina atzean ere talde ahaltsua dela erakutsi zuen Lyonek. Renard eta M'Bock erdiko bi atzelariak gaindiezinak izan ziren Martensentzat eta Dugganentzat. Gainera, lortu zutenean ez ziren fin aritu Bouhhadi atezainaren aurrean. Hala gertatu zitzaion Martensi. 68. minutuan, aukerako baloia izan zuen arean, baina errematea kanpora bidali zuen.

Oshoala zelairatu zuen orduan Lluis Cortesek, eta hark lortu zuen kataluniarren ohorezko gola, partidaren hondarrean. Merezita, bigarren zati horretan Lyonek apenas sortu baitzuen aukerarik, Le Sommerren eta Cascarinoren pare bat ahalegin izan ezik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.