UHINETATIK TIRAKA

Franco goxatuz

Xabier Lasa -

2018ko irailak 9
Arkadia zoriontsua. Frankistak Espainian badirela deskubritu duten inozo horiek behingoz onartu beharko lukete frankismo soziologikoa gurean bizi dela, eta ondo bizi ere; alfonbra gorria jarri zitzaiola eroso jarrai zezan Franco hil zenez geroztik. Espainian, gizartearen zati handi bat sinetsita dago ezinbestekoa izan zela uztailaren 18ko kolpe militarra, bake santua ezartzeko okerreko bidea zihoan Espainian, eta Francok aurrerapena ekarri zuela, nahiz eta pittin bat autoritarioa izan. Horientzat, oroimen historikoa konstituzioaren 40. urteurrena ospatzeko Madrilgo kongresuan aurkeztu berri duten bideotxoan laburbil daiteke: 1938an Ebroko batailan alde banatan parte hartu zuten bi agure berradiskidetuta eta tertulia gozoan agertzen dira. Soziologia frankistaren adar mediatikoa indartsu da, nonahi da, Francoren gorpuzkiek erakutsi diguten eran. Eta, bestela ere, dena esana legoke entzunez gero Carlos Herrerak diktadorearen biloba Francisco Franco Martinez-Bordiurekin Espainiako Gotzainen Konferentziaren COPE irratian astelehenean eduki zuen solasaldi atsegin eta ulerkorra.

Cadenas metafora. Komunikabide publikoan Espainiako teleikusleen jakin-min kulturala eta dibertimendurako premia goxatzeko deitua zegoen azkenaldian Javier Cardenas (La1, Hora Punta). Eta hara non azaldu berri zaigun mainontzi eta amorraturik, Moncloan gobernaria aldatu eta agudo pantailatik kendu dutela eta. Akabo bere txorakerietarako baliagarri zen erakusleihoa, eta akabo bere produkzio-etxearen negozio iturria zuena. Gobernari sozialisten zentsuraren biktimatzat jo du bere burua. Alajaina, morroia sinetsita egongo da PPren RTVEk kazetari bikaina izateagatik fitxatu zuela, ez bere profil profesionalagatik, besteak beste, subiranisten aurkari porrokatu katalana izateagatik. Cardenasen kasuak irratiaren eta telebistaren arteko distantzia siderala ilustra dezake, oraingoan ere. Gizona demagogiaren eta arrunkeriaren ikur da telebistan zein irratian. Antzeko nazkantea da bietan, baina badago koska. Lehenengoan, ordu erdiko programak 80 lagunen artean egin izan ditu, eta horietako dozena bat ediziok bi milioi euroko kostua izan dute. Bigarrengoan, berriz, goizero, hamar lankidez inguratzen da hiru orduko irratsaioa osatzeko, bi milioirekin zerikusirik ez duen aurrekontua erabiliz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna