Bartzelona 77-68 TD Systems Baskonia

Ez du izan aukerarik

Baskoniak galdu egin du Bartzelonaren aurka, eta Espainiako Kopatik kanpo geratu da. Gaizki aritu dira gasteiztarrak

JUAN CARLOS HIDALGO / EFE.
Julen Etxeberria.
2021eko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Bartzelona. Calathes (4), Higgins (15),Hanga (3), Mirotic (16), Pustovi (4)—hasierako bostekoa—; Davies (8), Westermann (4), Bolmaro (2), Smits (2),Oriola, Abrines (9), Kuric (10).
TD Systems Baskonia. Henry (19), Dragic (3), Giedraitis (5), Polonara (10), Jekiri (15)—hasierako bostekoa—; Vildoza (10),Peters (6), Fall, Diop eta Sedekerskis.
Markagailua. 15-12, 38-27 (atsedenaldian);64-47 eta 77-68.
Epaileak. Hierrezuelo, Conde eta Serrano.Ez zuten inor kanporatu.

Espainiako Kopa da Baskoniaren lehiaketarik kutunena. Bertan lortu ditu titulu gehien: sei. Baina bada hamarkada luze bat Gasteizko taldeak ez duela aparteko lanik egin: pasatu ditu final-laurdenak, sarritan, baina inoiz ez finalerdiak; beti geratu da finalerako bidean. Horixe gertatu zaio oraingoan ere. Nagusitasunez gainditu zuen aurreneko langa, Joventuti irabazita, baina bigarrena igaro ezinda geratu da beste behin. 77-68 galdu zuen atzo Bartzelonaren kontra, eta agur esan zion Kopari.

Erasoan izandako eraginkortasuna izan zuen makulu Baskoniak final-laurdenak gainditzeko: 96 puntu lortu zituen. Atzo, ordea, erasoko jokoa izan zuen galbide. Oso gaizki aritu zen, inolako argitasunik gabe, batez ere lehen zatian: 27 puntu baino ez zituen lortu, bezperan eskuratutakoen erdia baino gutxiago, 55. Halako zenbakiekin ia ezinezkoa da inori irabaztea, eta zer esanik ez aurrean Bartzelona bezalako talde indartsu bat baldin badago. Hori gutxi ez, eta hemezortzi errebote gutxiago jasoz gero, orduan sobera dago ia hori; ezinezkoa da. Eta halaxe izan zen atzo: ezinezkoa.

Partida nola hasi zen ikusita, inor gutxik pentsatuko zuen gasteiztarrak halako ezinarekin ariko zirenik erasoan. Hamabi puntu sartu zituzten lehen bost minutuetan (8-12). Henryk sartu zituen horietatik hamar. Nahieran aritu zen aurreneko minutuetan. Baina Dusko Ivanovicek atsedena eman zion, eta hura aulkian eseri eta sekulako itzaldia izan zuen Baskoniak. Bartzelona, ordea, suspertu egin zen, eta taldeko jokoari esker, ziztu bizian eman zion buelta partidari, 7-0ko partziala lortuta: 15-12. Halaxe amaitu zen lehenbiziko laurdena.

Henry bakarrik zen gai saskiratzeko, baina hura ere nekea pilatzen hasi zen, eta huts egiten hasi. Nagusi zen Bartzelona, baina baloi dezente galtzen zituenez, ez zuen lortu ihes egitea. Nahikoa izan zuen hori hobetzea eta hirukoak sartzen hastea berehala zuloa egiteko. Hala, 11 puntu gora zen atsedenaldian: 38-27.

Amaieran, susperraldia

Etenak ez zuen ezer aldatu: egurrean jarraitu zuen Bartzelonak. Eta Baskonia? Ezinean segitu zuen, eta saskiratze bat lortzeko bereak eta bi sufrituta. Ondorioa: hamazazpi puntuko aldea lortu zuten katalanek azkeneko laurdenaren faltan, 64-47.

Erabakita zituen lehiak, are gehiago aldea hogeira luzatuta (67-47). Baina gutxien espero zenean suspertu zen Baskonia. Defentsan estutu eta erasoan asmatzen hasi zen. Lau puntura jarri zen bost minutu falta zirela (69-63), eta Bartzelona ataka estuan jarri. Baina hortxe eten zen gorakada. Katalanek 8-1eko partziala lortu zuten, eta neurketa erabakita utzi.

Bestalde, Espainiako Ohorezko Mailan, gaur jokatuko dute hiru euskal taldeek. Kutxabank Araski etxean ariko da, Ciudad La Laguna Teneriferen kontra. Lointek Gernika Bizkaiak eta IDK Euskotrenek, berriz, etxetik at jokatuko dute, Estudiantesen eta Cadi La Seuren aurka, hurrenez hurren. 18:00etan hasiko dira hiru norgehiagokak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.