Osasuna 2-0 Tenerife

Txirrina jo du goiko solairuan

Etxeko boladari segida eman, eta hirugarren garaipena kateatu du Osasunak Teneriferen aurka, Villarren eta Oierren golei esker

Osasunako jokalariak, beren zelaira itzultzen, atzoko partidako bigarren gola ospatu ondoren. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
enaut agirrebengoa
2018ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Osasuna. Ruben; Lillo, Unai Garcia, Aridane, Clerc; Oier, Fran Merida; Ruben Garcia, Roberto Torres (L. Perea, 78. min), Kike Barja (Vidal, 68. min); eta Juan Villar (D. Rodriguez, 83. min).

Tenerife. Dani Hernandez; Luis Perez, Aveldaño, Carlos Ruiz, Camille; Undabarrena (Javi Alonso, 85. min), Luis Milla; Tyronne (Suso,

51. min), Naranjo, Joao (Borja, 74. min);eta Malbasic.

Golak. 1-0.Juan Villarrek (10. min); 2-0. Oierrek (47. min).

Epailea. Lopez Toca. Txartel horiak: Osasunako Oierri eta Aridaneri; eta Tenerifeko Naranjori eta Aveldañori.

Bestelakoak. 14.182 ikusle Sadarren.

Jardunaldiek aurrera egin ahala, denboraldia geroz eta itxura hobea ari da hartzen Osasunarentzat. Sasoi-aurrean egindako aldaketa guztien ostean, bide onetik doa egokitzapen prozesua, eta Jagoba Arrasatek eskatzen duenetik oso hurbil dago jada Nafarroako taldea. Jokoak zaleak gogobetetzen ditu, eta, hasierako gorabeherak atzean utzirik, emaitza bolada paregabea harrapatu dute gorritxoek. Atzo hirugarren aldiz irabazi zuten jarraian, apalaldian den Teneriferen aurka, Sadarren. Ez zuten izan zauritutako aurkariaren gupidarik, eta, erasoan bizitasun eta zorroztasun handia erakutsita, ondo merezita zakuratu zituzten hiru puntuak.

Bolada ona ez da, nolanahi ere, azken bizpahiru jardunaldietako kontua. Izan ere, azken bederatzi partidetatik bakarra baino ez du galdu Osasunak. Eta, gainera, Sadar gotorleku bihurtu du: 21 puntutik hamazazpi patrikaratu ditu bertan. Horri guztiari esker, bete-betean sartu da goiko postuen borrokan. Helburuez hitz egitean, diskurtso askoz ere zuhurragoa hartu dute sasoi honetan nafarrek, baina bistan da gaia badutela Lehen Mailara igotzeko hautagai sendo izateko. Gutxik ez bezalako joa dute erasoan, atzo berriz ere erakutsi zutenez. 2-0 irabazi zuten, baina motz gelditu zen markagailua, beste bizpahiru gol egiteko aukerak izan baitzituzten.

Emaitzaz eta erasoko jardun distiratsuaz gain, atzoko neurketak beste albiste on bat ere utzi zuen Iruñeko taldearentzat: gai izan zen atea hutsean uzteko, azken sei partidetan gutxienez gol bat jaso eta gero. Hori bai, lagun izan zituen zortea, Teneriferen eraginkortasunik eza eta Ruben atezainaren lana. Ausart eta oldarkor jokatzearen ondorioz, hutsuneak utzi zituen atzean, eta horiek estaltzeko larri ibili zen hainbat jokalditan. Atezainaren aurrean buruz buruko bi jokaldi izan zituen kanpoko taldeak, eta baloi bat bidali zuen zutoinera.

Bestelakoan, Osasunak partida ia borobila osatu zuen. Erabakimenez ekin zion lehiari, joko bizi eta zorrotzekin. Berehala hasi zen hegalak ustiatzen; ezkerrekoa, batik bat. Jokaldi horietako batean, aurrenekoa egitear izan zen Villar, Clercen erdiraketa gutxirengatik kanpora bidali zuenean. 5. minutua bete gabe zegoen oraindik. Bada, hastapenean ikusitakoa lehen zati ia osoan gorritxoek egingo zutenaren aurrerapena izan zen. Oierrek eta Meridak bikote oso orekatua osatu zuten euskarrian, Torresek eta Ruben Garciak jokoa bizitu zuten, Barjak eta Clercek sarraskia eragin zuten ezker hegaletik, eta Villarrek area barruan nola mugitu erakutsi zuen beste behin.

Eutsi eta hautsi

Nafarrek 10. minutuan hartu zuten aurrea markagailuan, Villarrek berak sartutako gol batekin. Aurreko jokaldian 0-1ekoa egitear izan zen Tenerife, baina Naranjok Ruben gainditzen asmatu ez, eta kontraerasoan 1-0ekoa sartu zuten iruindarrek. Golaren ostean, baretu egin zen apur bat Osasuna, baina estutu gogorra eman zuen lehen zatiko azken ordu laurdenean, eta kanpokoak kaiolan sartu. Hori horrela, aurreneko goleko sekuentzia bera errepikatu zen atsedena iristear zela: Tenerifek gertu izan zuen banakoa, baina, kanpokoek kale egin ondotik, bale egin zuten etxekoek. Oierrek korner bateko bigarren jokaldian sartu zuen 2-0ekoa, bolea indartsu baten bidez.

Horrenbestez, hiru puntuak kasik poltsikoan zituztela iritsi ziren atsedenera Arrasaterenak. Alta, aldageletatik bueltan ez zuten lasaikeriaz jokatu, eta buru-belarri aritu ziren hirugarrena sartu eta partida behin betiko erabaki ahal izateko. Aukera ugari izan zituzten, baina ez ziren fin ibili ate aurrean. Tenerifek ere izan zituen bereak, baina markagailua ez zen gehiago mugitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.