Atletico Madril 0 Athletic 0

Puntu bat xakean

Taktikoki lan ona eginez berdindu du Athleticek Atletico Madrilen zelaian. Bost partida jokatuta, ez du galdu, eta gol bakarra jaso du

Iker Muniain eta Marcos Llorente, lehian, atzo, Wanda Metropolitanoan. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE.
jon eskudero
2021eko irailaren 19a
00:00
Entzun
Atletico Madril. Oblak; Trippier Cunha,77. min.), Savic, Gimenez, Hermoso, Lodi (Carrasco, 55. min.); Kondogbia (Herrera,55. min.), De Paul, Llorente; Correa (Joao Felix, 60. min.) eta Griezmann (Suarez, 55. min.).
Athletic. Unai Simon; Lekue, Vivian, Iñigo Martinez, Balentziaga; Muniain (Morcillo,80. min.), Dani Garcia (Zarraga, 86. min.), Vencedor (Vesga, 80. min.), Berenguer;Raul Garcia (Nico Willams, 63. min.) eta Williams (Villalibre, 63. min.).
Epaileak. Gil Manzano. Txartel horiak:Atletico Madrileko Kondogbiari, Savici, Cunhari eta Gimenezi; eta Athleticeko Dani Garciari eta Nico Williamsi. Txartel gorria: Atletico Madrileko Joao Felixi (78. min.).
Bestelakoak. 38.798 ikusle Metropolitanoan.

Olatuaren gainean jarraitzen du Athleticek. Ligari hasiera ona eman ondotik, orain arteko lehiarik gaiztoena zuen atzo, Atletico Madrilen zelaian, eta ez zuen hutsik egin. Oso neurketa taktikoa jokatu zuten bi taldeek, elkarri errespetu handia agertu zioten, eta orain arteko bide onari eutsi zion talde zuri-gorriak. Batez ere, defentsako sendotasunari eta ordenari esker, irmo mantendu zen hasi eta buka, etaez zitzaion askorik falta izan irabazteko. Luzapenean aukera galanta huts egin zuen Villalibrek. Dena den, bide onean dagoela berretsi zuen Marcelino Garciaren taldeak, eta datu bati erreparatu besterik ez dago: bost partida jokatuta, ez du galdu, eta lautan hutsean mantendu du atea; gol bakarra sartu diote.

Lehen zatia ez zen batere ikusgarria izan. Bi entrenatzaileek taldea ongi antolatuta izateari eman zioten garrantzia; pieza oro bere tokian mantendu zuten, eta futbolean beharrean, xakean aritu ziren minutu askotan. Bi taldeak defentsan oso fidagarriak izaki, akatsen batek soilik eragin zezakeen gol aukeraren bat, eta halaxe iritsi zen lehen aukera, 35. minutuan. Dani Garciak zelai erdian baloia galdu ondotik, Correa aukera baliatzear izan zen, baina ez zuen asmatu. Williamsek ere izan zuen berea atsedenaldia heldu aurretik, baina motel ibili zen. Lehen zati osoan ez zen jaurtiketarik izan hiru zutoinen artean. Baloiaren zirkulazioa azkarragoa izatea falta izan zitzaion Athletici zerbait gehiago egiteko.

Bestela hasi zen bigarren zatia. Izan ere, hasi eta berehala gola sartzeko aukera garbia izan zuen etxeko taldeak, Correaren eskutik. Zutoin ondotik kanpora joan zen haren burukada. Uso demonio erantzun zuen Williamsek, atezainaren aurrean bakarrik geratuta. Ez zuen asmatu, ordea. Partidaren bilakaera ikusita, 55. minutuan lau aldaketa egin zituen etxeko taldeak, eta pixkanaka agintzen hasi zen. Bere arean sartu zen Athletic, eta komeriak izan zituen baloia oinetan mantentzen. Ia beti luze joaz aritu ziren atzelariak. 74. minutuan zutoinera jaurti zuen baloia Marcos Llorentek. Hura izan zen etxekoen aukerarik garbiena.

Bazirudien partida amaiera oso luze egingo zitzaiela zuri-gorriei, baina opari ederra jaso zuten: Joao Felixek txartel gorria ikusi zuen 78. minutuan, epaileari irain egiteagatik. Ordutik aurrerako minutuak protestan eta borrokan igaro zituen Atletico Madrilek, baina Athleticek hotz mantendu zuen odola. Jokalari bat gehiagorekin ari zela baliatuta, aurrerapausoa eman zuen, eta batez ere Nico Williamsen freskotasunari esker, gola egitetik gertu izan zen. Villlalibrek aukera aparta izan zuen luzapenean, baina langatik gora bidali zuen baloia.

Athleticentzat hain zelai madarikatua den hartan puntu bat lortzea ontzat jo daitekeen arren, irabazi ez izanaren penarekin geratu ziren zuri-gorriak. Atseden hartzeko betarik gabe, berriz lehian izango dira etzi, San Mamesen, Rayo Vallecanoren aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.