Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. Finala

Osabarengandik lobarengana

Onintza Enbeitak irabazi du Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, eta emakume batek txapela jantzi duen lehen aldia izan da. Final parekatua izan da, eta Etxahun Lekuerekin aritu da buruz burukoan
Onintza Enbeita, atzo, txapela jantzi berritan, gainerako zazpi bertsolariak atzean dituela.
Onintza Enbeita, atzo, txapela jantzi berritan, gainerako zazpi bertsolariak atzean dituela. ARITZ LOIOLA / FOKU

Iraitz Mateo -

2018ko abenduak 16
«Txapelketak aurpegi ona eta txarra biak daukaz», bota zuen Onintza Enbeitak hasierako agurrean. Aurtengoan, txapelarekin eta aurpegi onarekin amaitu zuen, berak irabazi baitu, 843,5 punturekin, Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. Etxahun Lekuerekin (814,5) jokatu du buruz burukoa. Haien atzetik geratu ziren, hurrenez hurren, Xabat Galletebeitia (493), Jone Uria (489), Nerea Ibarzabal (489), Miren Amuriza (486,5), Eneko Abasolo Abarkas (463,5) eta Aitor Bizkarra(461,5).

Zortziko handiko lanak kritika soziala egiteko baliatu zituzten bertsolariek. Amuriza eta Abasolo preso dauden Altsasuko gazteen lagunak ziren; itxaropentsu zegoen Amuriza eta uste zuen berandu baino lehen askatuko zituztela. Abasolok, aldiz, ez zuen inolako esperantzarik justizian. Zorrotz ireki zuen ofizioa berriztarrak: «Eurek horixe falta dabe ta/ ez daigun galdu esperantza». Abarkasek, hamaika bider etxean ikusiko dituela amets egin izan duela aitortu arren, fantasiak uzteko erantzun zion, gertakaria errealitatea delako. Amurizak datorren asteko bisita aipatu zuen: «Barkatu baina nik ezin deutset/ etsita gaudenik esan». Eta Abarkasek dotore amaitu: «Eta bisitan joango gara/ beste askotan bezela/ eta guztiei esango diet/ herria eurekin dela».

Giroa berotu zuen zortziko txikiak, denak bizi eta umoretsu ibili ziren. Enbeita eta Ibarzabalek laneko bazkaria izan zuten, eta karaokean amaitu zuten. Enpresako zuzendari nagusi Ibarzabalek ez zuen mikrofonoa soltatu sartu zirenetik. Onintza ere kantatzeko gogoz zegoen. Bizi hasi zuen bertsoaldia Enbeitak: «Hau igual danontzako/ gaba izan leike/ agintea ez baina/ hori soltau zeinke». Ibarzabalek, uzteko erantzun zion. Enbeitak arin: «Itxidazu mikroa/ zuk pozez beteta/ pago doblea baino/ gurago dot eta». Ibarzabalek gustura zegoela eta itxaroteko esan zion, «paga erdia» jasotzeko mehatxu eginez.

Bakarkakoetan ale politak egon ziren. Galletebeitia suhiltzailearen azalean jarri zen. Ez zen aspaldi etxegabetze batean parte hartu zuela, eta berriro ere beste batera joateko abisua eman zioten. Lehenengo bertsoan oso ongi azaldu zuen suhiltzaile batek senti dezakeena: «Suhiltzaile sartu nintzen/ ongi izatea zen arau/ baina aurrean negarrak/ zarata eta alarau/ beraz beharra da baina/ nolatan egingo dut hau/ gero neure kontzientziak/ barrutik kiskaltzen banau». Azken bertsoan, herritarrekin batera pankartara joan zela esan zuen.

Mirenek, berriz, lehen lan eguna zuen bizkarzain gisa. Indarkeria matxista jasaten zuen emakume bat babesten jarri zuten. Aldarrikapenerako baliatu zuen azken bertsoa: «Badakit andrea barik/gizona zaindu behar neukena».

Bi txapeldun buruz buru

Buruz burukoan, zortziko txikian, bizi aritu ziren Olentzero eta Mari Domingiren paperetik Enbeita eta Lekue. Seiko motzak utzi zituen baina saioko bertsoaldi ederrenak. Lekuek bikotekidea kartzelan zuen eta haien alaba nerabearekin, Enbeitarekin, hilabetean gutxienez bisita bat egiten zuen Andaluziara. Asteburu honetan zuten bisita eta Enbeita alabak, kuadrilarekin afaria duela eta, ez zuela joan nahi esan zion Lekueri. Horrela ireki zuen ofizioa: «Baina parkatu ahal dela/ amari igual esango dotzet/ gaixorik zauzela». Enbeitak ama maite duela, baina lagunak beharrezko dituela erantzun zion. Eta bigarren bertsoan, aitak eskutitza idazteko proposamenari dotore erantzun zion Enbeita nerabeak : «Ezta pasetan gabarik/ esperantza ez daukanik/ ta beharbada idatziko dot/ gutun ederra nik/ baina ez daukat lotsarik/ akordetako oraindik/ marroi honetan sartu nintzela/ erabaki barik».

«Zorotzat hartu zaituzte denek, baina berdin zaizu». Hori zuten buruz burukoan bi bertsolariek kartzelako gaia. Biak kantatu zuten beren ordurainoko bizitza etetearekin. Enbeitak bikotekidea utzi eta bizitza berri bat osatuko zuela azaldu zuen: «Nahiz eta orain esango daben/ zoratu egin jaku hau/sufritzen egon nazela inor/ez da ba nigaz akordau». Eta azkenean borobildu:«Galdera danen erantzuna da /sarritan geure barrena/Baina nik nori eskatu behar/deutsat ba orain baimena?/Neure barrutik atera nahi dot /behinola izan nintzena».

Jon Enbeita Bizkaiko txapelduna izanak jarri zion txapela Onintza Enbeita ilobari. Txapelduna etxekoez eta zaleez gogoratu zen agurrean eta plazan jarraitzeko gogoa erakutsi zuen: «Sentiduarazi nauzue/ hain etxekoa, kuttuna/ plazaz plaza bueltau nahi dot/ jaso dodan maitasuna».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna