ATZEKOZ AURRERA

Poteoaren ordez, paseoak

Koronabirusarengatik konfinamendua ezarri aurreko egunak erosketak egiteko eta paseatzeko baliatu dituzte iruindar askok. Alde Zaharrean hainbat taberna itxita daude jada.

Bi lagun Iruñeko Comedias kalean ibiltzen. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2020ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Larunbat eguerdia Iruñeko Alde Zaharrean. Lehen begiratuan, giroak ez dirudi beste edozein asteburukoarekiko ezberdina; jende mugimendua dago kale gehienetan. Ongi begiratuz gero, baina, ezberdintasun bat sumatzen da: normalki, halako egunetan, tragoak ikusi ohi dira jendearen eskuetan; oraingoan, erosketak egiteko poltsak eta orgak dira. Oraindik ez dute etxetik ateratzeko debekua ezarri, eta askok erosketak egiteko eta paseatzeko baliatu dute goiza.

Marian Jimenezen kasua da. Orga barazkiz betea darama. Badaki ahalik eta gutxiena ateratzeko gomendatu dutela, baina despentsa betetzea erabaki du, zer gerta ere: «Ez dakigunez zer datorren, asteko erosketa egitea erabaki dut». Eskularruak jantzi ditu ateratzeko, eta ez da bakarra: erosketak egiten ari diren askok jantzi dituzte, eta batzuek baita maskara ere. Kalean koronabirusaren krisia da hizketagai bakarra.

Ostalari askok itxi egin dute negozioa, eta baita mezua jarri ere: Itxi dugu, barkatu; geldi zaitez etxean, dio Caldereria kaleko taberna batean jarritako kartelak. Beste askok, ordea, lanean jarraitzen dute. Alberto Sanchezek, adibidez, debekatua ez dagoen bitartean ez du taberna itxiko, oraindik bezeroak joaten ari zaizkiolako. Inma Nagorek ere ez du kafetegia itxi, baina higiene neurri bereziak hartu ditu. Katakrakeko taberna, bai, itxi dute, baina liburu denda eguerdira arte zabalik eduki dute, jendeak datozen egunetarako liburuak erosi ahal izateko.

Ez da erraza hirian aisialdi aukerarik gabeko asteburu bat igarotzea, eta asko kirola egitera atera dira: bizikletan ibiltzera, korrika egitera... Aitor Goñi, adibidez, txakurra ateratzeko aitzakiarekin irten da kalera: «Nola geratuko naiz etxean eguraldi honekin?». Familia asko ere badabiltza kalean, jolasean. Marta Garcia Gaztelugibelera joan da alabekin, etxean egotea «eramangaitza» egiten ari zaiolako: «Haurrak entretenitzeko eman dituzten ideiak azkar bukatzen dira». Inprobisatzen ikasi beharko dutela onartu du.

Xabier Zurututzak lasaitasun handiagoarekin darama egoera. Beste askok egin duten bezala, Gazteluko plazako banku batean eseri da, eguzkia hartzera. Egunak daramatza prebentzio neurriak hartzen, eta ahalik eta gutxiena ateratzen da. Kontatu du etxean irakurri egiten duela eta gitarra jotzen duela denbora pasatzeko, eta debekaturik ez dagoen bitartean mendira joaten ari dela maiz, «burua lasaitzera». «Baina zaila da kirola egin ostean kafe bat ez hartzea», aitortu du.

Leire Oroz ere lasaitasunaz gozatzen ari da. Hotel batean egiten du lan, eta beste edozein asteburutan eguerdian lanez gainezka egongo litzateke; gaur, ordea, atea itxia dute. «Erreserba guztiak bertan behera utzi dituzte», azaldu du. Bikotearekin buelta bat ematera atera da, baina jendearekin kontaktua saihesten ari da. Oro har, jendea arduraz jokatzen ari dela uste du: «Adibidez, ostegunean juevintxo-rik ez zegoela ikustea shock bat izan zen».

«Soinu jotzailea ere joan da»

Askok atzeratutako lanak egiteko baliatuko dute asteburua. Suam Del Cerrok ikus-entzunezkoetan lan egiten du, eta zenbait bideo muntatu nahi ditu, bai eta etxea garbitu ere. Nabarreria plazan bizi da, eta, goizetan jendea erosketa egiten ikusten duen arren, arratsaldean ohi baino mugimendu gutxiago dagoela dio. «Eta hemen, etxe azpian, jartzen den soinu jotzailea ere joana da», zehaztu du.

Mugimenduaren eta itxurazko normaltasunaren atzean etorriko denarengatik urduritasuna sumatzen da kalean. Hala ere, iruindar askok argi dute: etxean geratzera behartuko badituzte, hobe azken uneak aprobetxatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.