Clinicas Rincon Malaga 28-27 Super Amara Bera Bera

Kide ohiak, etsai

Bera Berak galdu egin du Espainiako Superkopako finala, Malagaren aurka. Castellanos eta Arderius erabakigarriak izan dira

Malagako Rocio Campigli, jaurtiketa egiten, atzoko partidan. DANIEL PEREZ / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2020ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Clinicas Rincon Malaga. Castellanos, Doiro (4), Sole Lopez (5), Espe Lopez (2), Medeiros (3), Garcia (2), Arderius (8), Bravo (1), Perez (1), Campigli (2), Gutierrez, Sanchez, Segado eta Rojas.
Super Amara Bera Bera. Arruda, Prieto (3), Etxeberria (2), Nekane Teres (1), Menendez (3), Esther Arrojeria (4), Mirene Moreno (1), Mariane Fernandes (3), Mariane Pizzo, Sara Gil de la Vega (1), Laura Hernández (7), Malena Cavo, Adriana Cardoso (2) eta Ainhoa Etxebarria
Markagailua.2-2, 6-2, 7-4, 9-6, 11-6, 12-9 (atsedenaldia), 15-12, 17-15, 21-19, 23-22, 25-24, eta 28-27.
Epaileak. Raluy eta Sabroso.
Bestelakoak. 400 ikusle Malagako Ciudad Jardin kiroldegian.

Super Amara Bera Berak kamuts segitzen du tituluen arrantzan denboraldi honetan. Atzo, Espainiako Superkopako finala galdu zuen Malagan (Espainia), etxeko taldearen aurka. 28-27 galdu zuen, eta erabakigarriak izan ziren taldeko kide izandako bi jokalari: Merche Castellanos atezaina eta Silvia Arderius erdikoa. Bi horien lanak egin zuen aldea, eta donostiarrek ezin izan zuten zortzigarren aldiz irabazi Superkopa.

Azkenera arte aukerak izan zituen Imanol Alvarezen taldeak, eta ez zen gutxi izan, partida nola joan zen kontuan hartzen bada. Ia norgehiagoka osoa aurkariaren atzetik ibili zen Bera Bera: atzetik markagailuan, eta atzetik jokoan. Lehen zatian batez ere. Bost golen kontrako aldea ere izan zuen behin baino gehiagotan. Bigarren zatian, hobeto aritu zen atzo kanpoko taldea izan zena, baina 30 minutu horietako saialdia eskasa izan zen emaitza iraultzeko.

Ezinean, ohiko jokoa egin izanda aritu zen Bera Bera lehen zatian. Ikaragarri ondo moldatzen da bizi jokatzen, baina atzo ezin. Horretarako, bi gauza ezinbestekoak izaten dira: atezainak lan ona egitea edota atzean talde sendo azaltzea. Aurreneko erdiaren lehen minutuetan, Renatak ez zituen baloi asko geratu. Gero hasi zen bere onena ematen, baina taldekideek ez zioten asko lagundu defentsako lanean. Erraz sartzen ziren sei metrora Malagakoak, eta Sole Lopez hegalekoaren lana nabarmentzekoa izan zen.

Bizi jokatu ezinda, sei seiren kontrako jokoa egin behar Alvarezenek, eta aurkaria baino baldarrago ibili ziren horretan ere aurreneko ordu erdian. Zuloa aurkitzen zuenean eta jaurtiketak egiten zituenean, gainera, Castellanos jarri zitzaion parean behin eta berriz. Erakustaldia eman zuen Bera Berako atezain ohiak.

Horiek horrela, 12-9ko aldearekin joan zen atsedenaldira etxeko taldea. Bazen koska haien alde, baina behintzat, bizirik ziren donostiarrak, eta ez zen gutxi, lehen zatiaren bisajea nolakoa izan zen ikusita.

Gauzak aldatu beharra zegoen Superkopa irabazteko, baina asko kosta zitzaion Alvarezen taldeari Malaga harrapatzea. Gol batera jartzea ez zuen lortu 40. minutura arte. Lan asko egin, baina alferrik, gainera. Arderius bereak eta bi egiten hasi zen: taldea mugitzeaz gain, golak sartzen. Bata bestearen atzetik sartu zituen mordo bat, eta hiruzpalau golen aldeari eustsi zion Malagak.

Aurretik jartzeko aukerak

Bera Berak, baina, ez zuen amore eman, eta, Arrudaren geldiketekin eta erasoan gehiago asmatzen hasteari esker, partida berdintzea ere lortu zuen: 23na zeuden bederatzi minuturen faltan. Partida berriz hastea bezala izan zen. Izan zituen aukerak aurretik jartzeko birritan, baina zutoina zela, Castellanos zela, ezin aldea hartu emaitzan. 25na ziren lau minuturen faltan, baina Arderiusek hautsi zuen berdinketa. Hernandezek berdindu zuen gero. Gol bana egin zuten bi taldeek segituan, eta gol erabakigarria Doirok sartu zuen, hogei segundo falta zirela. Azkeneko erasoan, ez zuen asmatu Bera Berak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.