Donostiako 67. Zinemaldia. KRITIKA. Zuzendari Berriak

Ez jakitearen ezinegona

DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Uxue Arzelus Lasa.
2019ko irailaren 21a
00:00
Entzun

'Scattered Night'

Zuzendaria: Lee Jihyoung eta Kim Sol. Herrialdea: Hego Korea. Iraupena: 81 minutu.

Sumin haurra kezkatuta dago. Gurasoak dibortziatu egingo dira, eta ez daki norekin biziko den. Hiru aukera proposatu dizkio amak: bere anaia Jinhorekin batera biziko da, amarekin; bera amarekin biziko da eta anaia aitarekin; edo alderantziz, Jinho amarekin biziko da eta bera aitaren etxera joango da. Helduen arazoa dirudien gertakaria neska txiki baten ikuspegitik ikusiko dugu Scattered night-en.

Abiapuntu interesgarria dauka Lee Jihyoung eta Kim Solen filmak. Gatazka eta sufrimendu asko dakartzan gertakari bat logistika arazo bilakatzen da Sumin haurraren begietan: non biziko naiz eta norekin. Milaka filmetan ikusi dugun gai bati haur baten begiradaren sinpletasuna eman diote zinemagile korearrek eta, hala, kamera bere altueran jarrita, neskatilarekin egingo du ikusleak zalantzak argitzeko bidaia.

Istorioaren planteamendua sinplea izanik, errealizazioari eta filmaren garapenari ere sinpletasun hori eman nahi izan diote zuzendariek. Eta hasiera batean oso ondo funtzionatzen du. Haurraren ezinegonek eta kezkek guztiz betetzen dute filma. Baina azken eszenara arte azaltzen ez den bilakaera baten beharra du filmak, istorio lau batean gelditzearen arriskua baitu. Haurraren ezinegona hasieran zuen indarra galtzen doa, aurrera egiten ez duen kontakizun batean ahulduta. Txalotzekoa da, hala ere, Moon Seunga aktore gaztearen lana. Ahultzen doan istorio bati heltzeko gai dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.