Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Irrati diala ezagutzeko greba

2020ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Musika EITBko irratietako langile gehienek grebarekin bat egin zuten, eta musikak ordezkatu zituen egun osoan, albistegi bereziak kenduta. Hiruzpalau abesti aldiko, bat euskaraz. Aski ala urri ote den kuota hori, zer esan... EITBko zuzendaritzak, ordea, bere telebistei ez zien utzi musikarako aukerarik, egunaren anormaltasuna bistaratu ez zedin. Langile gehienak, beren borondatearen kontra eginez, ohiko programak ematen saiatu ziren, grabatuak batzuk. Gure Kasa saioko aurkezle Julen Telleriak, esaterako, sareetan salatu zuen bertako lantaldeak aurreko egunetan grabatutako saioa ez emateko eskatu ziola zuzendaritzari, baina hark entzungor egin ziola.

Onda Vascarako bidaia Entzuleen whatsapp-ak tertulian bertan irakurtzeko usadio eskergarria dauka Javier Vizcainok Euskadi Hoy-ko tertulian, Onda Vascan. Haietako batek ostegunean zioen normalki beste irratiren bat entzuten duela (RE edo EI, ziurrenik), eta goiz hartan Onda Vascara jo zuela, baina Coperekin topatu izanaren sentsazioa zeukala. Esajerazioa izan zen harena. Baina egia da EITBko irrati entzule fidel ugarik egingo zutela gauza bera. Eta zerekin egin zuten topo? Greba deitzaileen kontraesanak topatzen grinatsu aritu zen irrati batekin (sindikalismoaren eta pentsiodunen zatiketak, piketeak, errepide moztuak…), euskal oasiaren tesia indartuko luketen datuak (gizarte laguntzak, langabezia tasa…) erantsiz. Pablo Fuentes Pila erdi-histrionikoarekin hasi (El Primero), eta Euskadi Hoy-ko albistegiekin jarraituz. Zilegitasun osoko jarrera irrati pribatua den aldetik, bide batez esanda. Bada, diala aldatu zuten EITBko entzuleek ostegunaz geroztik badute motiboa irrati panorama zertxobait gehiago ezagutzeko.

Poliglotaren hizkuntza gabezia Hiru hizkuntzatan (gaztelania, frantsesa eta ingelesa) moldatzen den pertsona bat aurkeztu du alderdi baten zuzendaritzak lehendakarigai, eta Maite Artola kexu agertu zen Faktoria-n, hautagai hori ezingo delako mintzatu euskarazko hedabideekin (ezta entzuleekin ere), eta euskara gutxi baloratua delako politikan. Inkongruentzia etiko-politiko handiagorik ba ote, beharrezkotzat jotzea administrazioan jendaurreko postuetarako euskararen ezagutza, baina ez herritarren ordezkari politiko izateko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.