Proposamenak

Artaldea, goitik behera

Ameriketan artzain aritutako euskaldunak eta bertako zenbait artzain omenduko dituzte gaur Legazpin, Gipuzkoako Artzain Egunean

Amaiur Irastorza Adin -

2019ko irailak 1
Artzain Eguna dute gaur Legazpin (Gipuzkoa). Urteroko ohiturari jarraituz, artzain mundua menditik eta baserritik herrira jaitsiko da; artzaintzarekin lotutako erakusketak, lehiaketak eta dastaketak egingo dituzte egun guztian.

Goizean egingo den artzain gaztaren lehiaketak eta arratsaldeko artzain txakurren txapelketak bilduko du jende gehien. 11:00etan izango da artzain gaztaren lehiaketa: Gipuzkoako artzainak lehiatuko dira lurraldeko gazta onenaren sariketan. Arratsaldean, artzain txakurren txapelketa egingo dute urtegira bideko Urtatzako zelaian. Gipuzkoako lau artzainek gidatuko dituzte lehiatuko diren zazpi txakurrak.

Omenaldia artzainei

Beste lehiaketa batzuk ere egingo dituzte Legazpin; tartean, gaztetxoen gazta lehiaketa eta ardi okelaren lehiaketa. Goizean, gazta eta sagardo dastaketak izango dira. Zenbait erakustaldi ere egingo dituzte, hala nola Euskal Herriko latxa arrazako ardi eta ahariena, eta ardi moztearena. Historiak ere izango du tartea; hain zuzen, gaztagintzaren lehenari eta orainari buruzko hitzaldi bat egingo dute, 10:45ean. Legazpiko musika bandak alaituko ditu herriko kaleak. Eguerdian, berriz, bazkaria egingo dute Aitxuri jatetxean.

Urtero zenbait artzain omentzen dituzte Legazpin. Aurten, Ignacio Artano Sagastume amezketarra eta Angel Errasti Oinederra azpeitiarra izango dira, Ameriketan lanean aritu ziren artzainekin batera. Feli Arrese olatzagutiarrak, eta Begoña Galarraga eta Jose Manuel Agirretxe errezildarrek ere aipamen berezia izango dute, egindako lan handiagatik; ekitaldia 13:00etan izango da.

Gipuzkoako Artzain Eguna



Gaur, Legazpin (Gipuzkoa).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna