Amorrutik gogoetara igarotako rocka

Jacob Slaterren bakarkako proiektua da Wunderhorse. 'Cub' estreinako lana kaleratu berri du Londresko musikariak. 11 kantu dituen rock disko bat da, baina punketik bezainbat edaten duena americanatik.

Kantu egile ingelesen belaunaldi berri bateko kide da Jacob Slater, eta arreta piztu du. HELEN WHITAKER / WUNDERHORSE.
aitor biain
2022ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Nerabe errebelde eta oldarkor baten gisa eman zituen lehen pausoak musikaren munduan Jacob Slaterrek. Londres hegoaldeko eszenan, pare bat hamarkada lehenago loratu zen punk musikaren eraginpean sortu baitzen Dead Pretties taldea. Hiru kidek osatzen zuten, eta Slater bera zen abeslaria. Kanon guztiak betetzen zituzten: alkohola, drogak eta musika. Baina jarrera eta bizimodu horrekin nekatu, eta artean 17 urte zituela, taldearekin etetea erabaki zuen abeslariak. Errotik aldatu zuen egunerokoa, aldatu zituen paisaiak eta bideak, baita doinuak ere. Bost urte igaro dira ordutik, eta Cub debuteko diskoa argitaratu du orain, bakarka etaWunderhorse ezizenaz jabe eginda.

Kantu egile ingelesen belaunaldi berrien artean arreta bereganatu du Slaterrek, ez baita oharkabean pasatu haren aurreneko lana. Rock disko bat da, baina punketik bezainbat edaten duena americanatik. Denera, 11 kantu ditu Cub-ek, eta pasarte nahiz doinu indartsuak eta melodikoak tartekatzen dira diskoan. Izan ere, nerabezaroko amorrua eta ezinegona gaztaroko hausnarketa bilakatu dira. Heldutasunetik ari da Slater, baina gaur eguneraino ekarri duten bideei so eginez.

Azken urteetan idatzitako kantuek osatzen dute bilduma hori, baina badira nerabezaroan taldearentzat egin eta orduko moldeekin bat egiten ez zutelako baztertu zituztenak ere. Hala, nerabezaroko harremanei, orduan egindako hutsei nahiz mamuei abesten die diskoan. «Erabat harrapatuta egoteagatik bere garaian galdu zenituen gauzak aztertzeari buruz dihardu», adierazi du abeslariak.

Dena den, kasurik gehienetan hirugarren bati buruz hitz egiten du kantuetan, bere buruaz baino gehiago. «Interesgarriagoa iruditu zitzaidan. Abesti horietako asko nire nerabezaroaren amaieran idatzi nituen, eta ez nengoen ziur istorio horiek kontatzeko ahots propioa ba ote nuen».

Gitarrak protagonista

Slaterren bakarkako proiektua da Wunderhorse, baina talde izaera hartu du jada. Izan ere, Slaterren ahotsaz gain, gitarrak dira protagonista diskoan. Batzuetan distortsionatuta, eta beste batzuetan goxo eta melodiko, rockaren askotariko aldaeretan igeri eginez.

Hain zuzen ere, 1990eko doinuen eraginak dituen Butterfliesabesti ilunak zabaltzen du bilduma, baina segidan dator kontrapuntua Leader of The Pack itsaskorrarekin. Tartean, aipagarriak dira, halaber, Purple, Poppy eta Mantis kantu sentimentalak. Epilogue abestiaren amaiera katartikoak ixten du diskoa.

Dena den, musikari ez ezik, aktore ere bada Slater. Sex Pistols taldeari buruz Danny Boyle zinemagileak egin duen Pistol telesailean hartu duelako parte berriki. Gitarra ez, bateria izan du lagun musikariak ikus-entzunezko horretan, Paul Cook bateria jotzailearen rola jokatu baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.