Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Hel nazazu eskutik

2020ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Motzok prozesatzen. Ken Zazpiren abestia emititu zuten EITBko irratiek eta beste hamasei euskal irratik herenegun, 11:00etan; ostiralero errepikatzekotan omen dira. Buru karratukoei nahiz motzei kosta zaigu prozesatzea eskutik heltzeko kontu hori, metro bateko tartea mantentzeko gizakitik gizakira eta eskua ez emateko agintzen ari zaizkigularik. Abestiaren aukeraketak itxaropenaren aldeko mezu sinbolikoa duela esan zaigu, irudimena behar dugula aplika. Bada, konforme.

Irratiak eransten. Ekinbidea Euskadi Irratiko Faktoria magazina saioko lantaldean sortu zen. Ideiaren piztaile Arrate Hernandez esatariak adierazi zigun zergatia, ostiralean bertan. Europako 162 irratik martxoaren 20an You'll never walk alone abestiarekin egindakoa, zergatik ez errepikatu Euskal Herrian euskaraz emititzen duten irratiek? Ekinbidearen filosofia ere azaldu ziguten Hernandezen lankideek: euskarazko irratiek entzuleoi gogorarazi nahi digute hementxe daudela eta egongo direla, irratiaren indarra, magia, elkartasuna eta gertutasuna transmitituz. Azkenean, EITBko gaztelaniazko Radio Vitoria eta RE eta EITB Musika elebiduna ere batu dira ekimenera. Horiek horrela, hain ongile eta bihozbera gaudelarik, akaso gonbita egin beharko litzaieke Euskal Herrian gaztelaniaz zein frantsesez emititzen duten gainerako irratiei. Diot nik.

Salatariak. Harrigarria: Bea Plaza, Iñaki Gonzalez, Iñaki Iriondo eta Alberto Surio Radio Euskadiko Boulevard-eko solaskideak bat etorri ziren herenegun auzitan jartzen Josu Bujanda ertzainburuak egina duen deia bizilagunen arteko salaketak egitera animatuz; sare sozialetan zabaldu diren zenbait kasu zituzten hizpide. Dani Alvarez moderatzaileak, berriz, kasu bakanak direla eta sare sozialek gertaera txikiak magnifikatzeko daukaten efektuaren ondorio izan zitezkeela gaineratu zuen. Enfin, modan jarri da ia gaitz guztien jatorritzat jotzea sare sozialak... Zaborra zabaltzen dutela ezin uka, baina oraingoan poliziaburua izan da «izan zaitez salatari» leloa zirkulatzen jarri duena, eta non, eta irrati publikoan, martxoaren 16an. Hain zuzen ere, Boulevard-eko entzuleek sare sozialei esker eta ez 08:00etako albistegi nagusiaren bidez jakingo zuten ostiralean Euskal Herrian Haserre eguna deituta zegoela egun osorako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.