Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Futbolak badu umorea

2020ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
'Bigarren kafea'. Hirugarren astea bete du Naiz irratiko arratsaldeetako magazinak (16:00-18:00), Iñigo Asensio, Arrate Hernandez eta Iñigo Etxarri esatarien gidaritzapean. Hirukoteak agudo hartu dio tamaina mikroari, eta arin-arin dabil saioa. Hainbat tarte finko (kulturgintza, sexualitatea, adimen emozionala, bidaiak eta abenturak, sukaldaritza…) ipini dituzte zer esana badaukaten kolaboratzaileen laguntzaz jorratzeko egunero; eta, era horretan, entzuleek arratsaldea dibertituz eta formatuz igarotzeko irratsaioa definitu dute. Nabarmentzekoa esatariek saioari itsatsi dioten tonu aske eta informala; irrati konbentzionalen zurruntasunetik urrun, gonbidatu edo gaiekin aldartea gehitxo luzatzeko sindrome edo izurik gabe.

'Oasiko kronikak'. Umorezko irratsaioarekin datozkigu Argiako kazetariak, iraganean ikus-entzunezko formatuan Hitzetik Ultzera, Beranduegi edo Damutuko zaizute saioak ekoiztu zituzten Asier Garaialde, Gorka Bereziartua eta konpainia. Igande gauero podcast berri bat, trufa maltzurra egiteko asmoz bizi dugun egoera distopikoaren bizkar. 'Ze irratsaio kaka da hau?', ume baten galderarekin ekiten diote, eta hortik aurrera, kritika soziala doa arrapaladan ukitu absurdo batez. Maleziaz oldartzen zaizkio pandemiari, honek gizabanakoek zein botereak dauzkagun alderik kontraesanezkoenak eta txoroenak agerrarazi dituen honetan. Inor gutxi libratzen da aipamen gozo-gazietatik, izan balkoian musika makal jotzen duen anonimo hori, izan Arantxa Tapia, izan Maddalen Arzallus, izan Joseba Permach… Azkenerako uzten dute pilularik katxondoena, Ruper Ordorikaren kantu hautatuaren atal parodikoa.

Futbol fartsa. Umore absurdo, surrealista eta ez dakit zer gehiagorako, Hiru Erregeen Mahaia saioa, EIn. Oasiko Kronikak-eko ume bihurriaren zerbitzua beharko luke saio horrek, akaso. Euskal play liga birtuala antolatu baitigu asteburuetan, euskal futbol taldeekin. Esatariak eta kolaboratzaileak fartsa bat igortzen; golekin ere, oihuka zoro moduan. Ze nezesidade zegoen halako distraimendua asmatzeko? Futbol zaleak bazka horren premian ote dira, abstinentzia sindromeari aurre egiteko? Egia ote futbolik gabe ezin dela bizi eta kirol irratsaioek ez daukatela bizitasunik? Sikiera neurketak benetakoak baino laburragoak eskaintzeko mesedea egin digute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.