Osasuna 2-1 Deportivo

Altxor bat dauka

Osasunak aurkari zuzenen estropezuak aprobetxatu ditu, Sadarren Deportivori irabazita. Hamahirugarren garaipena du jarraian etxean

Osasunako jokalariak, garaipena ospatzen, partida amaieran, atzo, Sadarren. IÑIGO URIZ / FOKU.
enaut agirrebengoa
2019ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Osasuna. Ruben Martinez; Nacho Vidal, Unai Garcia, Aridane, Clerc; Robert Ibañez (Lillo, 87. min), Oier, Torres, Kike Barja (Perea, 65. min); Ruben Garcia eta Juan Villar (Brandon, 65. min).

Deportivo. Gimenez; Boveda, Duarte, Pablo Mari, Diego Cabal; Pedro (Didier Moreno, 82. min), Bergantiños (Nahuel, 70. min.), Mosquera, Exposito; Christian Santos (Borja Valle, 61. min) eta Quique.

Golak. 0-1: Quiquek (10. min.); 1-1. Ruben Garciak (14. min). 2-1: Ruben Garciak (32. min).

Epailea. Figueroa Vazquez Txartel horiak: Osasunako Ruben Garciari, Ruben Martinezi eta Robert Ibañezi; eta Deportivoko Pablo Mariri, Christian Santosi eta Duarteri.

Bestelakoak. 16.383 ikusle Sadarren.

Osasunaren altxorra da Sadar. Hala izan da historian zehar, eta zer esanik ez denboraldi honetan. Izan ere, bertan jokatu duen aldiro, zakuan hiru puntu gehiagorekin bukatu du Nafarroako taldeak. Atzo ere horrela gertatu zen, Deportivoren aurka. Lehen Mailako kutsua zuen partidak, bi taldeak elitera itzultzeko borrokan egonik, eta gorritxoek, beste behin ere, Sadarren legea ezarri zuten. Atzokoarekin, hamahiru partida irabazi dituzte jarraian Iruñean. Bigarren Mailan inoiz izan duten boladarik onena da.Halaber, jada ez da utopikoa 1974-1975eko sasoiko marka berdintzea. Hamasei garaipen kateatu zituzten orduan, Hirugarren Mailan. Kopuru horretara iristeko, etxean gelditzen zaizkien hiru lehiak irabazi beharko lituzkete, Albacete, Las Palmas eta Oviedoren kontra.

Atzokoa irabazi beharreko partida zen. Malagak eta, batez ere, Granadak kale egin ostean, Osasunak aukera paregabea zeukan gorengo mailarantz urrats handia egiteko. Eta ez zuen hutsik egin. Distirarik gabe, baina nortasun irmoa eta eraginkortasun handia erakutsita gailendu zitzaion Deportivori. Hala, oso gertu du Lehen Maila. Zortzi jardunaldiren faltan, sei puntu ateratzen dizkio Granadari, zazpi Albaceteri gaur jokatuko du, hamabi Malagari eta hamahiru Deportivori. Reusen aurkako garaipena ziurra izanik —ligatik egotzi dute—, beste bizpahiru neurketa irabaztea aski izan dakioke helburua lortzeko.

Atzo erakutsitako ezaugarriei eutsiz gero, seguru da. Joko aldetik, ez dago sasoiko unerik onenean, baina lehiakortasuna, joa eta fedea ez ditu galdu; ezta Ruben Garciaren kalitatea ere. Deportivok hobe ekin zion lehiari, eta aurrea hartu zuen 10. minutuan, Quique gorritxo ohiaren eskutik. Kanpokoek, dena den, ez zituzten Osasunaren kirioak dantzarazi. Izan ere, lau minutu geroago banakoa egin zuen Ruben Garciak, Clercen pase sakona jaso, eta buruz-buru Dani Gimenez gaindituta. Gol horrek ez zuen gogobete erdilaria, eta, lehen ordu erdia betetzearekin batera, untxia atera zuen kapelatik: 2-1ekoa egin zuen falta jaurtiketa geldiezin batekin. Hortik aurrera, nafarrek liderrari dagokion sendotasunez kudeatu zuten aldea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.