Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Zelatunen, normaltasuna

2019ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Euskaraz, etxekoandrearekin. Hegazkin batek istripua eduki du Hernioko magaletan [Gipuzkoa], eta, agudo batean, Zelatungo zelaietan kanpalekua ipini dute kazetari ugarik. Hegazkineko bi pertsona erreskatatzeko operazioa antolatu dute Ertzaintzak eta suhiltzaileek. Unebatean, esku artean dauzkaten bizpahiru datu aditzera emateko, prentsa-agerraldi baterako prestatu da ertzain bat. Azalpen guztiak gaztelaniaz irten dira haren ahotik; badira euskal kazetariak tartean, baina inork ez dio euskarazko adierazpenik eskatu. Zergatik ote? Hipotesiak, arrapaladan. Erdaldunaren trazak hartu zaizkiolako; estualdi batean jarri daitekeelako gizona; larritasun handiko egoeratan txikikeriak alboratu behar direlako; erdal hedabideetakoak direlako bildu diren kazetari gehienak; euskal prentsan onesten delako zein den Ertzaintzaren hizkuntza politika... Laster, operazioa luzerako doala aurreikusi, eta ertzain hori Antonioren Borda ostatura abiatu da. Bertako etxekoandreari galdetu dio ea erreskateko 20 lagunentzat afaria prestatzerik izango ote duen, goxo-goxo eta euskara garbian galdetu ere...

Zerri askara. Alferrikakoak dira euskararen normaltasunaren alde aurreko asteetan toki guztietatik (batik bat instituzio publikoetatik, hedabideetatik eta kazetarien elkarteetatik) heldu zaizkigun aldarrikapen solemneak, baldin eta Zelatungo zelaietan gertatutakoa normaltasunez hartu behar badugu. Bota ditzagun zerri askara, baldin eta Jaurlaritza ez bada kapaz ziurtatzeko euskaraz mintzatuko dela Zelatunen une horretan bera ordezkatzen ari den ertzaina, eta baldin eta euskal prentsa eta Jaurlaritza ez badira kapaz komunikazio dekalogo bat hitzartzeko.

Andres Sorel. Astelehenean hil zen Segoviako [Espainia] idazlea, Espainiako prentsan eta intelektualen zirkuluetan baztertua izan zena demokrazian, trantsizioa amnesikoa onetsi ez zuen ezkertiarra eta Euskadirekiko ikuskera ofizialarekin disidentea izateagatik. Frankismoan Bukarestetik emititzen zuen Radio EspaƱa Independienteko (Radio Pirenaica) esataria izan zen. 1960 eta 1970eko hamarkadetako milaka euskal herritarrentzat irrati hori eta Sorelen ahotsa izan zen arnasbide bakanetakoa (Radio Euskadi eta Radio Parisekin batera), protesten eta errepresioaren berri jasotzeko. Irrati uhin kritikoetan bego.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.