Proposamenak

Denak zubi gainean

Lesakako sanferminetako egun handia da gaur, eta ezpata dantzariek bereganatuko dute arreta. Emakumeak ere ariko dira, lehenbiziko aldiz

Iker Tubia.
2019ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Onin ibaiaren ertzean jendetza pilatzen da San Fermin egunez Lesakan (Nafarroa). Bestetako erritu nagusia egiten dute han, zubi gaineko dantza plazaratuz. Ezpata dantzariak arduratzen dira horretaz, eta aurten horixe izanen dira, ezpata dantzariak. Ez besterik. Ez emakume, ez gizon: ezpata dantzari. Lehenbiziko aldiz, hiru emakume ariko dira Lesakako ezpata dantzan; gaur izanen da, 13:00ak inguruan, zubiaren gainean.

Sanferminak atzo abiatu ziren,baina gaur dute egun handia. Nahiz eta nagusiki zubi gainekoak pizten duen arreta, ezpata dantzarien jarduna askoz ere luzeagoa izaten da. 08:30ean abiatuko da ezpata dantzarien zeregina, meza isilarekin. Ondoren, udalbatza lagunduko dute meza nagusira, baita prozesioan ere. Makilekin gurutzeak eginez ibiliko dira herriko karriketan barrena.

Ibilaldi horien ondotik, zubi gainekoa eginen dute Onin ibaiaren inguruan, eta herriko bandera zubian dantzatu. Gutxi gorabehera 13:00etan izaten da ekitaldi hori. Zeharkakoa ere dantzatuko dute, baina Plaza Zaharrean. Bi aldiz: zubigainekoaren aurretik, eta ondoren. Bazkalondoan ere bada zer eginik: Zantzomonona eginen dute plazaren inguruan, eta, bukatzeko, esku dantza, aurreskua, jota eta porrusalda.

Aurten, bost dantzari berri sartuko dira taldean, beteranoek utzitako tokia betetzera; tartean, hiru emakumeak. Hauek izanen dira dantzariak: Unai Gurrutxaga, Igor Gurrutxaga, Fernando Etxegarai, Martin Etxegarai, Mikel Arriola, Andoni Arriola, Xabier Arriola, Bittor Etxabide, Jon Erro, Alaitz Etxabide, Maddi Taberna, Mikel Maia, Xuban Larretxea, Fred Ramos eta Leire Pastor.

Zubigainekoa



Gaur, 13:00etan, Lesakan(Nafarroa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.