Literatura. 'Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak'

Fikziozko tormentuak

Egilea: Iban Zaldua. Generoa: Narrazioak. Argitaletxea: Elkar.

Aiora Sampedro -

2018ko irailak 30
Idazle batek aitortu zidan behin, usu kontrakoa uste badugu ere, urteen joanarekin ez garela hainbeste aldatzen eta aro batzuetan zein besteetan izaten ditugun buruhausteak errepikakorrak izan ohi direla.

Iban Zalduaren azken ipuin-bilduman idazlearen betiko obsesioak aurkituko ditu irakurleak, 32 (beno, 33) ipuinetan zehar banaturik. Zalduak argitaratutako beste ipuin-liburu batzuetan ez bezala, azken bilduma honetan ez dago ipuin guztiak harilkatzen dituen gai nagusirik, sakabanatuta agertzen diren motiboak baizik. Gainera, zenbait ipuin jadanik ezagunak izango zaizkio donostiarraren irakurleari, han eta hemen argitaratuak izan baitira. Bestalde, ipuinen sarrera eta amaieretan idazleak txertatutako aipu batzuez gain, liburuak ez du banaketa berezirik.

Aipu horiek ematen diote batasuna bildumari nolabait; Zalduak lana osatzerakoan idazketaren inguruan gogoan izan duena jakiteko balio digute. Idazlearen aurreko beste titulu bat gogora ekarriz, aipuetan gezurraren ideia da gehien errepikatzen dena, eta fikzioarekiko ardurak lotzen ditu guztiak. Aipu horiek irakurtzerakoan, faltsukeriaren eta fikzioaren arteko muga lausotzen dela sentituko du irakurleak, eta gerora, ipuinetan gauzatua ikusiko du. Behin baino gehiagotan agertzen dira hipokrisiaren eta egoera paranormalen artean mugitzen diren pertsonaiak; baita traumaren batek tormentatzen dituen eta aurrera egiteko arazoak dituztenak ere.

Esan badugu Zalduaren ohiko ardurak errepikatzen direla, alderdi hori ipuinen lanketan bereziki igarriko da; euskal gatazkaren ingurukoak, bikote harremanetan oinarritutakoak edo zientzia fikzioari egindako kinadak usu agertzen baitira. Hala ere, bada donostiarraren azken bildumetan geroz eta gehiago agertzen den gai bat, azken liburu honetan presentzia nabaria izan duena: heriotzaren eta ondoko bizitzaren agerpena. Azken motibo hau, aurretik aipatzen genituen gertakari paranormalei loturik ageri da; horrela, bizirik diren pertsonaiak tormentatzera agertzen diren fantasmez edota traumaren bat gainditu ezinik mintzo zaizkigunez osatzen dira Jakin mina nahiz Dena kontakizunak. Agian, molde berri horretan aurkitu ditut gehien ukitu nauten ipuinak, Pareko Tabernan edo Txikitako sekretuak sentsibilitate bereziaz jantzitakoak dira; bestalde, Omenaldia (I, II eta III) auto-parodia eta ironia dosi neurtuz eraikitakoa da.

Estilo horretatik urrunago geratuz, trama gardenagoa erakusten dute zenbait kontakizunek; agian horiek izan dira hainbeste gozatu ez ditudan ipuinak. Hala ere, kontamolde horrek ez dio bildumari indarrik kentzen, izan ere, Zalduak bete-betean asmatzen duten iruzkinak egiteko duen gaitasuna guztietan ageri baita.

Azken finean, jolas literarioak agertzen dira ia ipuin guztietan, irakurlea hunkitzearekin batera dibertitzen duena.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna