Haur eta gazte literatura. 'Jakes eta Herio'

Hari batekin dator Herio

Idazlea: Tim Bowley. Ilustratzailea: Natalie Pudalov. Itzultzailea: Garazi Arrula. Argitaletxea: Txalaparta-OQO.

2019ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Ahozko tradizioko harribitxi hau iritsi zaigu, album ilustratu formarekin.

Istorioa sinplea da. Arin doa boz gorako irakurketa, eta amaierak hausnarketa eragiten du, ezinbestean: ama hilzorian duela, badoa Jakes buelta bat ematera, eta Heriorekin topo egiten du. Norengana doan ulerturik, mutiko bizkorrak Herio botila batean harrapatzen du, eta ama salbatzen. Haatik, hurrengo egunak ez dira uste bezalakoak. Heriorik gabe, ez dago zer janik, gosea zabaltzen da, eta egoera jasanezin bihurtzen. Ama bere semeak zer egin duen akordatuko da, eta Herio askatzeko erregutzen dio.

Bitartean, ilustrazioak tonua ezartzeko lana hartuko du, irakurlea gaian egokiro jartzeko ahalmena duena, surrealismora hurbilduta, estetika deseroso batekin.

Ingalaterrako tradiziotik ekarritako ipuin honen aldaki euskalduna Patxi Errementaria (Elkar, 1998) dugu, nahiz eta hausnarbide desberdinak hartzen dituzten.

Era berean, Juan Kruz Igerabidek Gauez zoo batean narrazioan (Berrargitalpena. Grigor eta erlea, Alaberdania, 2018) idatzizko bertsio bat eman zuen, Herio otso bat zelarik, eta iskin egiten zebilena Grigor haurra.

Atzerriko sortzaileen artean aipamen berezia merezi dute, nire ustez, Jurg Schubigerrek idatzi eta Rotraut Susanne Bernerrek ilustratutako Als der Tod zu uns kam albumak (Heriotza gure etxera iritsi zenean), eta Wolf Elbruchek idatzi eta ilustratutako Ente, Tod und Tulpe (Ahatea, heriotza eta tulipana) liburuxkak. Bi harribitxi hauetan kontua ez da ihes egitea, baizik eta Herio ezagutu eta onartzea, Bowleyk eskainitako bertsioaren antzera.

Baina bueltatu gaitezen Jakes eta Herio albumera. Halako lan batek ez du kasualitaterik onartzen. Atzean bikaintasuna darien sortzaileak egon behar dute. Bibliografia arakatzean, euskaraz lan bana gehiago besterik ez dituztela ikusten da: Ameliak txakur bat nahi du (Bowley, A. Neves, Pamiela-Kalandraka, 2008) eta Pinto oilarraren ezteiak (J. A. Belmontes, Pudalov, Txalaparta-OQO, 2011). Bata zein bestea arrakasta handikoak haurrekin egiten diren kontaketa saioetan.

Pudaloven lanak gaztelaniaz aletxo batzuk gehiago dira, ez asko. Denak estetika surrealista-abstraktukoak bere horretan.

Tim Bowleyri dagokionez, ez da lehen aldia ipuin hau argitaratzen duena, Semillas al viento/Seeds on the wind (Ed Raices, 2001) ipuin bilduma elebidunean jada eskaini baitzuen, bai eta bertsio libreago eta oso interesgarri bat Historias de ninguna parte/Tales from nowhere (Palabras del Candil, 2008) bilduman ere: Encuentro con la muerte / Meeting death.

Baten bat harrituko da argitalpen elebidunak egiteko Bowley-ren joerarekin, baina honekere badu azalpena. Tim Bowleyk bizitzako azken hiru hamarkadak penintsulan pasatu zituen, urte gehienak ipuin kontaketa elebidunak egiten, Casilda Regueirorekin lehenik; Charo Pitarekin ondoren, kasik hil zen arte, 2017ko ekainean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.