Izortze Santin.
Ezarian. Zientzia. Argi Aldian

Epigenetikaren poderioz

2014ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Pentsatu ohi da ezaugarri fisiko eta gaixotasun askoren patua giza genomaren sekuentzian jasotako kode genetikoaren menpekoa dela. Neurri handi batean horrela bada ere, izan badira kode genetikoaren sekuentzian eraldaketak sortu gabe gure geneen adierazpenean eta, ondorioz, itxuran edo gaixotasunen garapenean eragina izan dezaketen mekanismoak.

Epigenetikak —grekotik epi (gainetik) gehi genetika— geneen adierazpenean eragina duten eta kode genetikoaren menpekoak ez diren prozesuak aztertzen dituen zientzia da. Horrela, kode genetikoan aldaketa zuzenak eragin gabe, zenbait faktorek (dieta, inflamazioa, estresa edota adina, adibidez) gure geneen adierazpena aldatu dezakete.

Gure eguneroko bizitzan egiten ditugun ekintzek (jan, kirola egin, erre…) gure genoman eraldaketa epigenetikoak eragiten dituzte, baina are gehiago, emakumeon kasuan, haurdunaldian egiten ditugun eguneroko ekintzek umetokian garatzen ari den umearen genoman ere eraldaketa epigenetikoak sor ditzakete, eta bere bizitzaren zenbait ezaugarritan eragin dezakete.

Azken urteetan ugaritu egin dira haurdunaldian zeharreko ohiturek umearen epigenetikan eta zenbait gaixotasunen garapenean duten eragina aztertzen dituzten ikerketak. Hilabete honetan bertan, Diabetes aldizkariak publikatutako artikulu zientifiko baten bidez, haurdunaldian kirola egiteak koipe-edukin handiko dietak umearen genoman eragiten dituen zenbait aldaketa epigenetiko saihesten dituela jakin dugu. Horrela, saguetan egindako ikerketa horren arabera, haurdunaldian amak koipe-edukin handiko dieta hartzen duenean, kumeetan prozesu metabolikoen erregulatzailea den Pgc-1 alfa genearen adierazpena emendatzen duten aldaketa epigenetikoak izaten dira. Gene hori prozesu metabolikoen erregulatzaile erabakigarria izateaz gain, odoleko presioaren kontrolean, kolesterolaren metabolismoan eta obesitatearen garapenean parte hartzen du. Horrela, gene horren gainadierazpenak sagu kumeetan disfuntzio metabolikoa eragiten du. Hala ere, koipe-edukin handiko dieta jasotzen duten sagu haurdunek kirola eginez gero, kumeek ez dituzte Pgc-1 alfa genean eraldaketa epigenetikorik pairatzen, gene hau maila normal batean adieraziz eta funtzio metaboliko egokia mantenduz.

Arlo horretan egindako ikerketa gehienen arreta amaren nutrizioak umearen epigenoman eragindako eraldaketetan eta hark erakarritako ondorioetan jarria egon bada ere, badira ikerketak bestelako ingurune-faktoreetan oinarritu direnak. Haurdunaldian umearen epigenoman eragina eduki dezaketen ingurune-faktore guztien artetik aipamen berezia merezi du Bisfenol A (BPA)-ren kasuak. BPA zenbait plastikotan aurki daitekeen konposatu organikoa da eta ohiko elementua da janaria eramateko erabiltzen diren plastikozko tupper-etan. Tupper-ak berotzen direnean, BPA-ren estruktura aldatzen da eta elikagaietara aska daiteke. BPA-ren bestelako eragin toxikoak alde batera utzita, ikusi da haurdun dauden saguetan konposatu honen kontsumoak kumeen epigenoman eragina izan dezakeela, eta ondorioz, haien osasun egoeran. Horrela, haurdunaldian zehar BPA hartu duten saguen kumeak eraldaketa epigenetiko aberranteak pairatuko dituzte glukosaren metabolismoan parte hartzen duten zenbait genetan, eta kume horiei haien bizitzan intsulinarekiko erresistentzia edo diabetesa garatzeko probabilitatea handituko zaie.

Gizaki oro kode genetikoaren emaitza omen da, baina amaren umetokian gaudela eta gure kode genetikoa ezarrita dagoenean, zenbait ingurune-faktorek gure DNAn eraldaketa epigenetikoak eragin ditzakete, jaio eta geroko ezaugarri askotan eragina izango dutenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.