ATZEKOZ AURRERA

Inor ez dadin jaiez ahaztu

Konpartsakide Egunean, Bilboko Konpartsek erakutsi dute «oso bizirik» daudela, eta jai eta kultur giroko ekitaldiak antola daitezkeela osasun neurriak errespetatuz.

Bilboko konpartsek antolaturiko kalejira, atzo, Arriagako zubian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Konpartsako elastikoa janztea ederra eta arraroa izan da era berean». Aitortza Hibai Castrorena da, eta Mekaguen konpartsaren atorra zimurra darama. Ez zen lisatu gabeko bakarra, asko izan baitziren atzo goizean korrika eta presakaduela bi urte armairuan lurperaturiko elastikoa erreskatatu zuten Bilboko Konpartsetako kideak. «Egun polita da; asko aspaldian elkar ikusi gabeak gara. Hori guztia berreskuratzea izango da Bilboko gizarte mailako eragileen kohesioa berriz indartzea».

«Eguna» aipatu zuen Castrok, konpartsakideen Aste Nagusi aurreko urteroko juntadizoa egin baitzuten atzo. Konpartsakide Eguna ospatu zuten, eta Zazpikaleak eta Areatza bere egin. «Soka ez dadin eten: horretarako antolatu dugu, bilbotarrak berriz ere konpartsen jardunarekin lotu daitezen», azaldu zuen Iñigo Fernandez de Martikorena Hordago Abanteko kideak.

Uztail erdialdeko ospakizun klasiko bat da, baina, hori bai, osasun neurriek hala behartuta, Konpartsakide Egunak egitarau eta bilakaera apalagoa izan zuen. Hala ere, goiz eta arratsalde erakutsi zieten mundu guztiko bilbotarrei pandemia betean ere konpartsak «sasoiko» daudela. Goizean, esaterako, umeentzako jolasak, zurrutero mokofinentzako ardo dastaketa eta kalejira koloretsua antolatu zituzten Areatzan.

Azken hori izan zen eguneko ekitaldi nagusia, elektrotxaranga zaratatsu batek girotua. Arriaga parean zen zita, eta kalejira hasi aurreko uneak aspaldian elkar ikusi gabeko ikaskide ohien bilera bat zirudien. Zalapartak, ondoren, Bilbo erdiko kaleak gurutzatu zituen Arriaga parera itzuli aurretik. Bi buruko suge koloretsu luze bilakatu zen, kalejira bainoago desfilea zirudiena. Mamiki, Zaratas, Kaskagorri, Algara... Han ziren konpartsa denak, baina helburua beste bat zen: «Kanpora begirako Konpartsakide Eguna antolatu nahi genuen aurten, bilbotarrentzat», aletu zuen Fernandez de Martikorenak.

Izaskun Zelaia kalejirako pinporta orlegi bat izan zen. «Konpartsek kalea berriz ere hartzeko gogoa genuen. Urte oso gogorra izan da, eta alaitasuna sustatu nahi genuen. Ez da Konpartsakide Egun arrunt bat, baina gure jardunaren lagin bat izatea nahi genuen». Eguzkizaleak konpartsako kidea da, eta egitarauaren antolaketan murgilduta egon da. Baita Aste Nagusia ordezkatzeko prestatu duten Bilboko Irria kultur jaialdiarenean ere. Hilabete barru plazaratuko duten egitaraua negoziatzen ari dira egun, eta arduraz jokatuz gero mota askotako ekitaldiak antola daitezkeela erakutsi nahi zuten.

Balkoitik balkoira

Arratsaldean, jai giroak Zazpikaleetako itzalpera jo zuen. Hainbat artistak balkoietatik girotu zituzten bazterrak. Barrenkalen, DJ Txirukok jarri zuen musika; Errondan, berriz, DJ Raperuk eta Ukik; Bira kulturgunean, Maiderrek kontzertua eman zuen, eta Txakur kalean lege zaharreko bertso saio bat egon zen. Kalderapeko gaineko balkoietatik jardun zuten koplaka Ibai Amiliategik, Ander Anakabek, Enare Muniategik eta Maite Sarasolak.

Garai zailenetan ere konpartsak egiteko gai izateagatik harro zegoen Iñigo Iglesias Aixeberriko kidea: «Oso bizirik gaude». Eta aldarria egin zuen, festak Bilbon jai egun hutsak baino gehiago direlako: «Jaiak gogoratu nahi dizkiegu bilbotarrei, ez daitezela etxean gelditu. Konpartsak garrantzitsuak gara hiriko bizitza kultural eta sozialean». Konpartsakideek, orain, bost aste dituzte lan egin, Bilboko Irriarako prestatu eta elastikoz beteriko garbigailuak jartzeko. Tira, orduan ere gehienak azken unean hasiko dira bila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.