Mikel Zumeta.
HERTZAK

Medioak ukronian

2022ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Zin dagit ez zela neure asmoa politikaz aritzea, ez geopolitikaz, ez eta Errusiaz edo Ukrainaz ere. Asmoa ez zen hori, ez zen bezala gaur ekarri dudan podcastaz aritzea. Baina gaurkotasuna apetatsua da, bizkorra, aldakorra eta gupidagabea. Hain da ankerra, non jazoerek duten premiak ez baitu zalantza izpirik uzten. Galderak sortzen dira, errenkadak, galdera sortak, erantzuten zailak direnak, eta erantzunak nahi baditugu informatu beharko dugu: irakurri, eztabaidatu, galdetu, entzun, eta batez ere pentsatu.

Aste honetarako pentsatutako podcasta beste bat zen, baina azkenean La Base, Público aldizkariak aireratutako podcasta izango da. Medioak ikusi ditugu desagertzen, RT eta Sputnik, errusiarrak. Gara, Público eta GeopolitikaZ podcastaren kolaboratzailea den Pablo Gonzalez kazetaria eta politologoa atxilotu dute Polonian. Mikel Aiestaran berriemaile bereziaren Twitter kontua ordu luzez desaktibatuta izan da. Informazioa arriskuan dago, interferentziak ugariak dira, eta nahiz eta Pablo Iglesiasek bere zerak izan, gustuko edo begiko ez izan, egunero astelehenetik ostegunera ordu erdi inguruko saio interesgarria eskaintzen du, aktualitatearen analisi balantzatua egiten saiatuz.

La Base-k, Frantzian Le Blast-ek eta Le Media-k egiten duten formula erabiltzen du: zorroztasuna eta egiaztapena, kolaboratzaile jantziekin elkarrizketatuz.

Podcastak gai desberdinak landu ditu gaurdaino, baina errealitatearen urgentziak Ukrainara lotu ditu sei saioetan zehar, bertako errealitateaz hausnartzeko. Dagoeneko hemeretzi saio aireratu dituzte, eta Ukrainaz gain, botere mediatikoaz, Txileko hauteskundeez, Espainiako politikaz aritu zaizkigu, besteak beste.

La Base ohiko plataformetandago entzungai, bertan argudio iritzi eta eztabaida interesgarriak topa daitezke. Ordu erdi eta ordu eta laurden arteko pilula interesgarriak dira; eguneratzeko, kontrapuntu gisa, informazioa osatzeko. Zenbat eta osatuagoa denean informazioa, orduan eta arinago lotuko ditugulako puntuak, iritzi kritikoagoa garatuz. Le Blast eta Le Media ikus-entzunezkoak nahiago izaten ditut, ez direlako irudi totemiko baten inguruan eraikitzen, Pablo Iglesiasen podcastean ez bezala. Guztiarekin ere, La Base informazio iturri interesgarria izango da gero eta kaltetuagoa dagoen ekosistema mediatikoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.