Mikel Zumeta.
HERTZAK

Zenbat aire bizitzeko

2022ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Aste honetan uholdea izan dugu irrati uhinetan, hertzak kitzikatuak ibili dira Korrika dela eta. Korrika, euskararen aldeko aldarria, ekimen eta ekintza sozial eta kolektiboaren gorpuztea. Ikusi eta entzun ahal izan dugu nola egin duen egunez egun, orduz ordu, minutuero, bidea euskarak. Eskuz esku, pausoz pauso eta kilometroz kilometro euskal munduari gorpuzte fisikoa ematen dion ekimena. Ikusgarritasuna eta oihartzuna eskaintzen diona, mezua eta hedapena ahalbidetzen dituena.

Hizkuntza uhinen bitartez ere zabaltzen baita, ahozkotasunak hala egiten baitu, irratiak bezala, ikusezina den medioa baliatuz, airea. Euskarak airea behar duelako bizitzeko, arnasteko eta elkar banatzeko.

Asko izan dira Korrikaren jarraipena egin dutenak. Zarauzko Arraio irratiak, Segura irratiak, Bilbo hiria irratiak, Naiz irratiak, EITBk, Hamaika telebistak, medio ugari izan dira jarraipena egin dutenak. Elkarrizketak, atzera begirakoak, gertakari eta gertakizunak kontatzeko, partaideen inguruan mintzatzeko, musikaz aritzeko, baldintza meteorologikoez, elurra, hotza edo euria.

Aste honetan, Korrikak berak aireratutako podcastaz arituko naiz. AEK-k, Naiz irratiarekin elkarlanean osatutako Korrikaren historiaren ingurukoa. AEK Korrikaren historiaren podkastak du izena, eta Ivooxen dago entzungai. Atal bakoitzak Korrikaren historia urtez urte azalduko du, bost minutu inguruko ataletan, hasieratik: zailtasunak, bitxikeriak eta gertakariak aipatuko ditu. Estekak Korrikaren webgunean daude eskuragarri, zein Ivooxen plataforman.

Arestian irakurri dut korrika egitea turbokapitalismoaren ikurra dela. Eta ez nago batere ados. Korrika egiteko zapatila pare bat besterik ez delako behar, eta gogoa, besterik ez. Kirolik demokratikoena bururatzen zait, xumeena, hurbilena. Korrikara batzeko gogoa besterik ez da behar, konpromisoa eta zapatila batzuk. Euskararen alde egiteko bezala, gogoa, besterik ez, asmoa, hizkuntzaren irrikaz jantzi eta elkarbanatzekoa, zabaltzekoa, parte izan nahia.

Korrikak dirauen bitartean euskarak taupa egiten du, ttipi ttapa taupaka, entzun bada 22 taupada hauen historia.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.