Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Ez-ikusiak astelehenero

2019ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
'Trending topic'. Nire herriko pentsiodun tematiak astelehenero biltzen dira pankartaren atzean. Urtea betetzera doaz horrela, euren eta guztion ongizatea eskatuz. Bi haserre klase joan dira pilatzen denboraren poderioz. Bata, jakinekoa da, gauzak aldatzeko ahalmena eduki arren lehengoari eusten dioten agintariekin. Eta bigarrena, bilkura osteko irrati edo telebistek eragiten diena. Ez baitira sekula aipatuak; hiriburuko pentsiodunek badutela probintziakoek ez daukaten estatusa, alegia. Horrela bizi dute, amorruz, ia urtebetera doan asteleheneroko errituala. Orain bi astelehen, gainera, pasadizo ilustragarria gertatu zitzaien. Plazan zeudela, inguruan, hegaldaka, telebista-kamera eta irrati-mikrofonoren bat edo beste igarri zuten. Behingoz arreta gune sentitzearen ilusioa agudo zapuztu zitzaien, baina: piztia hegalarientzat, bazka mediatiko bakarra bi egun lehenago plaza horretan Baltasar erregeak egin zuen sakrilegioa zen.

Asaldatzeko premia. Nahiko akritikoa izan da historikoki Realari lotutako kolektibo mediatikoa. Donostiako egunkari baten danbor-doinuak atmosfera dena kutsatuko balu bezala, ñoñostiarrismo epel batez. Cope irratian osteguneroko tertulia (El Kiosko de la Cope, 15:20) jokaera patroi horretatik aldentzen saiatzen da, Marco Antonio Sande esatariarekin eta Mauri Idiakez, Xabier Isasa eta Mikel Rekalde kazetariekin. Norbanakoaren buruko osasunagatik eta gizartea konformismora ez kondenatzeagatik, premiazkoa izaten da noizean behin asaldatzen jakitea, amorrua autozentsurarik gabe baina arrazionalki adieraztea. Horretara jotzen dute Idiakez histrionikoak eta besteek.

Galder Perez. Antzerkilariak freskotasun eta lotsagabekeria puntu bat ekarri du REren programaziora Graffiti saioarekin (17:00-19:00). Leihoa irekita sortzen den haize-ufada horietakoa. Gaztelaniaz jardun arren euskarara zein naturaltasunekin jotzen duen ikusteak ere poza ematen du; bidegiletzat har dezakegu, REko irratsaio askorentzat eredugarri.

Bereizi beharra. Kultur ekintzailea da Perez, eta antzerki gidoiari ere heltzen dio, Cafe Bar Bilbao antzerki lehiaketa irabaziz ostegunean erakutsi zuen bezala. Harrezkero, REren webgunean Graffiti saioaren atalean lehentasunezko tokia hartu du lehiaketako sarituen argazkiak. Ez da erraz ulertzen horren arrazoia...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.