Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Espainiako progresia

2019ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Brunete mediatikoa. Hori aipatze hutsarekin geratzen da esplikatua dena Luis R. Aizpeolea tertuliakidearentzat. Giza eskubideei eta adierazpen askatasunari erasotzeko Espainiak hamarkadetan egin izan dituen ekintzak, alegia. Enegarrenez erabili du mantra hori REn daraman urte mordoan, Espainian boterean egon den ezkerreko alderdiaren erantzukizunak ezkutatzeko. Azkenekoz asteazkenean Ganbara-n, Egin-Gara auzia hizpide zutela. Aizpeoleak besteei eskatzen dien autokritikaren errezeta bera erabiltzen hasi beharko du, bada, noizbait. Ezker horrek eredu progresistatzat dauzkan Baltasar Garzonen edo Rubalcabaren inplikazioak aztertzen hasita. Fermin Muguruza Madrilen Egunkaria-ren alde hizketan hasi, eta kulturgile ustez ezkertiar askok txistuka ekin zioteneko pasarte hark dena azal dezake.

Sari inkongruentea. Javier del Pinok SER katean zuzentzen duen A vivir que son dos días asteburuetako magazinaren baitan Conchi Cejudok eta Gerbasio Sanchezek osatzen duten Vidas enterradas tarteak Espainiako Erregea Kazetaritza Saria irabazi du. Ia ordu betez, frankismoak eraildakoen ahaideen testigantzak jasotzen ditu. Lan bikaina kazetaritzaren ikuspegitik, bihotz ukitzailea giza mailan. Elkarrizketatik ateratzen duen ondoriorik mingarriena Espainiak frankismoari trantsizioan oparitu zion inpunitatea dela adierazi du Cejudo kazetari gazteak, eta biktimei ezarri zaien ahaztura ofiziala gaitzetsi du. Hitz pozgarriak; are gehiago, trantsizioaren justifikatzaile izan den, eta izaten segitzen duen SER katetik irtenda. Marka da gauza, Francoren oinordeko politikoaren izena daraman saria, Francoren biktimak duintzen saiatzen den irratsaio batentzat izatea. Espainiako politikaren sakoneko anakronismoa, begi bistan, beste behin.

Ohitu beharko. «Reala edo Athletic kopako partidak jokatzera» zihoazela esan zaigu partida aurreko informazioetan egunotan, maiz. Emakumeak zirela zehaztu gabe. EIn hasi ziren kontzienteki aurkezpen horiek egiten, eta REn ere ari dira horrela azkenaldian. Entzuleok ere oraindik jokoz kanpo harrapatzen gaituzte tenore txiki batean, gure onera etorri eta ohartzen garen arte esatariak emakumeen futbola duela hizpide. Horretara ohitu beharko gara guztiok, kazetariak, entzuleok eta hain maskulinoa den futbolaren mundua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.