UHINETATIK TIRAKA

Heriotzaren ispiluan

Xabier Lasa -

2019ko otsailak 10
Nor zer den. Lan argigarria izaten da euskal kulturgileren bat hiltzen den aldiro aztertzea EITBko adar bakoitzak eskaintzen dion tratamendua. Erretratatua geratzen dira zein den euren gai agenda, ideologia, erreferentzia kulturalen hierarkia... Ostiral goizaldean jakin zen Jon Lopategirena, eta ETBko bi kateek antzeko trataera eskaini zioten eguerdiko albistegietan: izenburuetan zortzigarren gaitzat jarri, eta gero minutu bakarreko tartea eman. Radio Euskadik Eusko Jaurlaritzaren Renove planarekin ireki zuen 08:00etako albistegia; heriotza bederatzigarren tokira eraman zuen tituluen atalean, baina gero ez zuen garatu horiek sakontzeko orduan. Albistegi horri erantsita doan Felix Viernes atalean, Maider Martin esatariak minutu bateko aipamena egin zion muxikarrari. Euskadi Irratian, 08:00etako Faktoria-k heriotzarekin ireki zuen albistegia, lau minutuz luzatuz (Unai Iturriagarekin elkarrizketa barne). Gero, albistegian, beste lau bat minutuko erreportajea eskaini zigun Xabier Sukiak.

Zergatik ez? Zerbitzu publikoa eskainiz euskal kulturari bultzada emateko jaio zela kontuan hartuz gero, ziurrenik, ETBn denek bat egingo lukete Lopategiren gainean Radio Euskadin Martinek egin zigun definizioarekin: unerik zailenetan bertsoz bertso herria eraiki zuen aparteko euskal kulturgilea izan zen. Bada, benetan sinetsia badaukagu printzipio hori, zertara dator soilik Euskadi Irratiak eskaintzea profil horretako pertsonalitate batek merezi duen tratua? Alegia, Lopategiren heriotza albiste nagusia izatea, eta ez albiste bat gehiago? Kazetaritzaren praktikari inongo sakrilegiorik egin ote zion EIk albistegia heriotzarekin irekitzeak eta atzetik jartzeak Abascal, Ortuzar, Tapia, Salestarrak, Gure Esku Dago… eta gainekoak?

Testosterona. Ester Capella Generalitateko justizia kontseilaria gonbidatu zuen Carlos Herrerak ostiralean. Salbuespenezko gertaera harrigarria COPEko entzuleentzat. Entzerrona galanta prestatu zioten esatariak eta bere mariatxiek, zakarkeriaz mozteko makina martxan jarrita. Hala ere, Capellak poliki egin zien aurre politikagintza Espainiaren kontzeptu sakrosantuarekin hasi eta amaitzen dela uste duten iritzi sortzaileei, eta horien harrokeria eta errespetu faltari. Testosterona gutxiago eta elkarrizketa gehiago eskatuz agurtu zituen katalanak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna