UHINETATIK TIRAKA

Historiak ahazten dituen txikikeriak

Xabier Lasa -

2019ko maiatzak 19
Borboiak, atzo eta gaur. Egunero 18:10ean historiari buruzko pasarteren bat kontatzen du Nieves Concostrina esatariak Ser kateko La Ventana saioko Acontece, que no es poco tartean. Ikuspegi desmitifikatzailea eta fribolitaterik gabeko ironia erabiliz, historiografiak idealizatu dizkigun pertsonaia publikoen barrunbe lokaztuetan murgiltzen zaigu. Garaian-garaian gizarteak erretratatzeko metodologia trebea darabil, eta eginkizun horretan, Espainiako monarkiako iraganeko kideekin pedagogia egin beharra ikusten du. Bai baitaki Espainiako irrati generalista bateko entzule generalistentzat ari dela mintzatzen; hots, Maria Kristina Borboikoa Espainiako erregina ustelkeriagatik bi aldiz espulsatu zutela historiako azterketa batean idazten duen ikasleari suspentsoa jartzen zaion estatuan ari dela. Concostrinak badaki non daukan marra gorria ipinia etxe horrek: Borboien miseriak iraganekoak dira, gaurkoek ez daukate kontu ilunik. Zerutiarrak dira, eta ikusi, bestela, Letizia egungo borboietako kide bati Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiak nola eman zion saria herenegun, genero indarkeriaren aurka urtean zehar gehien egin duen pertsonalitate publikoa izan omen delako.

Carles Francino. La Ventana saioko gidaria harro-harro azaldu zitzaigun ostiralean, Madrilgo Senatua eta Kongresua bi sozialista katalanek presidituko dituztelako, eta gainera horietako bat filosofoa delako. Kultura, filosofia, pentsamendua eta hau eta beste, denak ere antidotoak omen dira sektarismoari. Ahaztu zitzaion adieraztea sektarismo kulturalaren adibide direla bi foro horiek, gaztelania ez diren Espainiako beste hizkuntza ofizialei oztopoak jartzen dizkieten heinean.

Sektarismoa, nork? Nazismoak eragindako biktimak goratzeko ekitaldia egin zuten Kataluniako eta Espainiako gobernuek Mauthausenen, maiatzaren 5ean. Antza, Generalitateko Gemma Domenechek Kataluniako preso politikoak hizpide izan zituela-eta haserre agertu zen Madrilgo Dolores Delgado. Soka ekarri zuen ekitaldiak, eta Ser kateko esatari liderrek eta tertulianoek aho batez jipoitu zuten Domenech, sektarismoaren ikurtzat jarrita. Delgadok Estatu osoko biktima errepublikanoak bandera gorri-horiarekin eta gaztelania hutseko plaka batekin omendu izana, hori ez zen kultur sektarismoaren adierazgarri izan, antza.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna