Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Kontakizun dultzea

2019ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Bi kontakizun. Francoren gorpuzkien desobiratzeak argitan utzi digu oroimen historikoa bi eratara gutxienik jorratu litekeela: biktimak eta horien elkarteak eragile aktibotzat hartuta, edota heldugabetzat eta baztergarritzat jota. EITBko bi irratik bertsio bana erakutsi ziguten asteazkeneko goiz albistegietan. REn, Boulevard-en, esan ziguten Auzitegi Gorenaren erabakiak dulce resaca (biharamun dultzea) eragin diela biktimen familiarrei; hortxe hasi-bukatu zen biktimen iritziari buruzko aipamena. Hortik aurrera, Sanchezen, alderdi guztien eta francotarren abokatuaren adierazpenak errenkadan bildu zizkiguten. EIn, ostera, horien guztien iritziak ez ezik, biktimen elkarteetako ordezkarienenak ere jaso zituzten: Ibargutxirenak eta Ezeolazarenak. Horien hitzek dultzetik gutxi zeukaten, kontuan hartuta Francok eraikitako mausoleoan edo bide bazterretan segitzen dutela milaka demokratek.

Gonbidatuaren luzimendurako. Boulevard saioko errelato horrek segida izan zuen goizean bertan, Jonan Fernandezekin, Zinemaldiko alfonbra gorria maileguan hartu, eta galdeketa dultzea egin baitzioten. Lehen partean, oroimen historikoaren lege egitasmoa ahotan hartu bai, baina biktimen elkarteek egindako kritika latzen aipamenik ez. Eta bigarrengoan, hiru galdera (Donostiako plaken ingurukoa, 47 auzipetuen epaia eta Txibiteri biktimek egindako kritikak) urrezko bandejan eskainita (Franco arrantzaleari arrainak nola, halaxe), bizikidetza oztopatzen omen duten ezker eta eskuineko sektoreak gozo askoan egurtu zitzan gonbidatuak.

Bizikidetzaren eredu. Ez legoke gaizki argitzea Fernandezek goratu zigun bizikidetzaren pedagogia nola eramaten den praktikara, Jaurlaritzaren eta EITBren ikuspegitik. Alegia, pedagogia horrentzat noren aldeko omenaldiek merezi duten arreta instituzionala eta mediatikoa, eta norenak ez. Asteartean, Euskal Herriko bi gertakarik eredu gisa balio ote dezakete? Leitzan, ETAk hildako Juan Carlos Beiro guardia zibila omendu zuten, telebista ugariren kamera, mikro eta fokuen pean eta makina bat ordezkari politikoen presentziarekin; alargunaren hitzak, nonahiko hedabideetan. Urnietan, guardia zibilen kuartelean hildako Gurutze Iantzi gogoratu zuten; harenak soilik senide eta lagunen arreta pizten segitzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.