ATZEKOZ AURRERA

Bideo jokoek gainez egin dute

Fun & Serious bideo jokoen jaialdia lehenengo aldiz egin dute BEC erakustazokan, eta jendea erakartzeko gaitasuna handitu egin du. Milaka zale bildu dira jaialdian.

Hainbat gazte bideo jokoetan jokatzen, eta horiek nola jokatzen duten begira besteak. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Barakaldo
2018ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Atetik igaro, eta krispeta usaina lehen kolpean. Zarata, ondoren. Eta jendetza,azkenik. BEC erakustazokan zortzigarren Fun & Serious jaialdia egiten ari dira asteburuan, eta aurtengoak aurrerapauso garrantzitsua ekarri du berarekin. Erakustazokako pabiloira joan da Fun & Serious, eta jendetza batu da bertan. Jaialdira sartzeko ilarek eta behin barruan egonda ikusten zen jende oldeak hala baieztatzen zuten. Errealitate birtualaren eta bideo jokoen bila joan ziren milaka pertsona horiek, eta bilatzen zutena topatu zuten bertan.

Sarreratik pabiloira jaitsi, eta freskagarriak, krispetak eta bestelako jakiak eskuetan zituztela,haurrak, gazteak eta nerabeak aurrera eta atzera zebiltzan. Horietako batzuk 1 Formulan elkarren aurka lehiatzen. Bederatzi pertsona pantailen aurrean, eta 30 inguru haien atzean begira. Urrundu apur bat, eta futbol edo saskibaloi bideo jokoetan ari ziren beste batzuk. Lehian zebiltzan. Horietako bi finalerdietako partidan buru-belarri zeuden, Chicago Bulls eta Los Angeles Lakers taldeekin. Haien atzean, bi hizlari partidaren kontakizuna egiten. Michael Jordan eta Dennis Rodman jokalariak berriz ere kantxan ikus zitezkeen. «Chicago Bullsekoak ezinean ari dira! Lan handia egin beharko dute partidari buelta emateko», zioen hizlarietako batek. Dena gazteleraz egin zuten, diru publikoz lagundutako jaialdia izan arren.

BECeko pabiloia, ordea, ez zen horretarako bakarrik. Pantailen argiek erakarpen gaitasun handia zeukaten, eta horren lekuko zen jokoan aritzeko aulki denak beteta egotea. Errealitate birtualeko jokoetan aritzeko betaurreko denak hartuta, Rocket jokoan aritzeko beste hainbeste, baita futbolinean edo mahai tenisean aritzeko mahaiak ere. Jende gehiena ondokoek nola jokatzenzuten —edo jolasten ziren— begira zegoen. «Behar den bezala jokatzeko, lehenengo ikasi egin beharko da, ala?», galdetu zuen Diego Cuellar gazteak. Begira zegoen, baina ondoren berak ere sartzeko asmoa zuen. Agertoki nagusian, bestalde, League of Legends txapelketa jokatzen ari ziren, eta, bertan, hainbat youtuber eta bideo jokoetako jokalari profesional. Haiei begira, ehunka pertsona, eta eserleku huts gutxi batzuk. «Ikusgarria da hau dena», zioen Mikel Gonzalez gazteak. Begirik ez zuen kentzen pantaila erraldoitik.

Bideo jokoak erosteko mahaiak han eta hemen, janari asiarra erosteko postuak, eta bide jokoetako pertsonaiez mozorrotutako zaleak postu horietan murgilduta. Aisialdiagatik bildu ziren gehienak BEC erakustazokara, baina bideo jokoen atzean ere industria oso bat dago. Eta gezurra bazirudien ere, hori ere egon zen atzo. Askotariko jaialdia dela erakutsiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.