ATZEKOZ AURRERA

Tximeleta azalberritu da

Naizen jaio da, Adingabe Transexualen Gurasoen Elkartea. Donostian aurkeztu dute elkartearen izen eta irudi berria; 100 familia baino gehiago biltzen ditu gaur egun.

Donostiako Antzoki Zaharrean aurkeztu zuten Naizen, atzo; 500 lagun bildu ziren. GORKA RUBIO / FOKU.
Izaro Zinkunegi Barandiaran.
Donostia
2019ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Markesinetatik aurpegia ematera egingo dugu salto», adierazi du Bea Severrek, Naizen Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako Adingabe Transexualen Gurasoen Elkarteko bozeramaileak. Elkarteak ere jauzia egin du izen batetik bestera: Chrysallis deitzen zen lehen, Naizen deituko da hemendik aurrera. Donostiako Antzoki Zaharrean aurkeztu zuten atzo, ospakizun eta aldarrikapen kutsuko ekitaldian.

Laugarren ilarako besaulkietan daude Iker Mariezkurrena eta haren ama, Leire Zubillaga. Haiek dira antzoki zaharrean bildutako 500 lagunetako bi. Urduri samar daude, ekitaldia noiz hasiko. Andoaindik (Gipuzkoa) etorri dira, eta elkarteko kideak dira: «Umeak 2 urte zituenean esan zigun mutila zela. Gu, 3 urte zituenean hasi ginen hari entzuten». Egun, 5 urte ditu. Hasieran beldurrak izan arren, orain eragozpenik ez dutela azaldu du Zubillagak.

Zaintza eta maitasuna

Argiak itzali orduko hartu dute hitza Xabier Madariagak eta Africa Baetak; haiek gidatu dute ekitaldia. «Krisalida izateari utzi eta hegan egingo du, tximeletak bezala», azaldu du Madariagak. Denboran atzera eta aurrera ibili dira: Chrysallisen sorrera eta bidea oroitu dute, baita datozen erronkak plazaratu ere.

Irudiz eta poemaz betetako bideo batean jakinarazi dute izen berria: Naizen. «Naiz, zen, haize, izen... hitz ugari biltzen ditu izenak», azaldu du Severrek. Haiek erabiliz eskertu du gurasoek eta haurrek egindako bidea.

Zortzi gaztetxok izen berriaren hizkiak eta irudia jarri dituzte oholtzan, eta ortzadarraren kolorez bete da agertokia. Porrotxek eta Marimototsek edukiz jantzi dute kolore bakoitza : «Morea, emakumeen kolorea; urdina, zeruaren kolorea...». Kolore guztiak zaku batean sartu, eta ortzadarraren bandera osatu dute.

Koloreez gain, bertsoz, musikaz eta abestiz bete da Antzoki Zaharra. Alaitasuna izan da nagusi, baina malkorik ere egon da: Ekai gogoratu dute, bere buruaz beste egin zuen Ondarroako (Bizkaia) nerabea. Txalo zaparrada amaigabeak lagunduta igo dira gurasoak oholtzara, eta esker hitzak esan ditu Ekairen aitak: «Ekai hemen dago, gure eta zuetako askoren bihotzetan».

Metamorfosia biribiltzeko, Chrysallis EH elkartea sortu zuten familiak igo dira oholtzara. Zortzi sendi ziren orduan; ehundik gora dira lau urteren buruan. Aingeru Mayorrek hartu du hitza: «Zaintza eta maitasuna izan dira gure elkartearen oinarriak». Eta mundua aldatzeko bitartekoak ere horiek izango direla esan du. Familiako argazkia atera dute gero antzokian bildutako sendiek, eta puxika koloretsuak aireratu dituzte, tximeletak balira bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.