ATZEKOZ AURRERA

Giza zubi bat, bi zubi batzeko

Sare plataformak 600 lagun bildu ditu Iruñean sakabanaketa politikaren kontrako protestan. Egoera konpontzeko, «ezberdinen arteko» zubiak eraikitzeko beharra nabarmendu dute.

Iker Tubia.
Iruñea
2019ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Arga ibaia lasai antzean jaisten da Arrotxapeko magalean behera, Iruñeko Santa Engraziako zubiaren arkupetik pasatuz. Hango presa hautsi zenetik biziagoa da emaria, askeagoa. Konstantziaren ondorioa: etengabe, egunero-egunero, hutsik egin gabe, gizakiak paratutako mugari aurre egin dio urak. Pazientzia eta gogoa, bi osagaiak beharrezko izan ditu ibaiak, baina, azkenik, urak aske igarotzen dira orain.

Hautsitako presa horren alboko zubian jendea biltzen hasi da eguerdian. Horiek ere konstantzia dute ezaugarri nagusi. Etengabe, astero-astero, sakabanaketa politikari aurre egiten diote. Horretarako bildu dira zubiaren gainean. Horiek ere mugak gainditu nahi dituzte, euskal presoak etxeratu ditzaten. Sarek deituta, protesta eguna izan zen atzokoa.

Oblatuen zubiaren eta Santa Engraziako zubiaren artean 350 metroko distantzia dago. Sarek bi zubiak lotu nahi izan ditu; beraz, 600 metro inguruko giza katea osatu beharra dago. Ez da lan erraza. Bizikleta hartuta, gora eta behera ibili dira boluntarioak, parte hartzaileei jarraibideak emanez. Hasieran jende aski ez dela dirudien arren, geroz eta jende gehiago batu da protestara.

Peto urdinak soinean, hasi dira Oblatuen zubitik Santa Engraziakorako bidea betetzen. Hori osatuta ekin diote bigarren puskari: Santa Engraziakotik Oblatuenekora, Arga ibai bazterreko bideari jarraikiz. Zubipean muntatutako bi bozgorailuetatik ihes egiten duen melodia adi liteke jendearen marmarraren azpitik. «Pegatinak, pegatinak!». Itsasgarriak eskuan harturik, diru bilketa egitea egokitu zaio Marilo Gorostiaga preso ohiari. Santa Engrazia zubiaren inguruetan kontent agertu da mobilizazioarekin: «Oso ongi doa, bete dugu helburua, bi zubiak elkartu ditugu». Bere alea jartzen aritu da zubitik zubira: «Gaur egun dugun egoeran, presoek bizi dutena ezin da onartu. Gizartea engaiatzen ari da korapiloak aska daitezen, eta bada garaia presoak etxeratzeko».

Ordu erdi inguru kostatu da hutsune guziak bete eta giza katea erabat osatzea. Une horretan, Oblatuen zubiaren gainean, gutun azal bat erakutsi dute. Eskurik esku, giza kate osoa zeharkatu eta abiapuntura ailegatzea du xede. Susana Goñiri egokitu zaio katea abiatzea: «Presoak hurbildu behar direla uste dudalako etorri naiz. Ekintza lasaia eta bakezalea da; beraz, erraza zait parte hartzea». Gutun azala «ilusio handiz» hartu du, ondoko lagunari emateko. «Ea gaurkoak balio duen presoak etxeratzeko. Beharrezkoa bada hau mila aldiz egitea, bada, egingo dugu».

«Ezberdinen arteko zubiak»

Poliki-poliki egin du bidea gutun azalak. Batzuk zer egin jakin gabe hartu dute azala, beste batzuk Argara begira harrapatu ditu txandak. Hala ere, antolatzaileen argibideei esker, aurrera egin du mezu ezkutuak. Itzuli osoa emanda ailegatu da Oblatuen zubipera. Julio Sotoren idazkia gordetzen du azalak. Korapiloak askatzeko, soken bi muturretan direnek elkarrengana hurbildu behar dutela diote haren hitzek.

Urko Milagroren doinuek eta Mikel Mundiñano Sareko Nafarroako ordezkariaren hitzek itxi dute ekitaldia. «Ausardiaz» jokatzeko deia egin du Mundiñanok: «Batzen gaituena aldentzen gaituenaren aurretik jartzen jakin behar dugu». Preso eta iheslaririk gabeko etorkizuna lortzeko, «ezberdinen arteko zubiak» eraikitzea «nahitaezkoa» dela esan du bi zubi batzeko gai izan diren 600 lagunen aurrean. «Aktibazio sozialerako» deia ere egin du, Espainiaren «immobilismoa» gainditzeko. Argak bezala, etenik gabe, presa bota arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.