ATZEKOZ AURRERA

Beharrezko mantentzea

Mugikortasunaren Nazioarteko Astea kari, bizikletak moldatu dituzte Iruñeko Gazteluko plazan. Hainbat herritar joan dira bertara, eta bizikletak nola konpondu ere ikasi dute.

Diego Martin mekanikaria bizikleta baten balaztak estutzen, atzo, Iruñean- IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
Iruñea
2021eko irailaren 19a
00:00
Entzun
Euri zein eguzki, gero eta gehiago dira egunerokoan bizikletan ibiltzeko ohitura duten iruindarrak. Bizikleta berriak, zaharrak, elektrikoak eta mendiko bizikletaren bat ere ikus zitekeen atzo Iruñeko Gazteluko plazan. Giltzarrapoarekin lotuta zeuden batzuk; bertzeak, berriz, plaza izkinan zeuden, mekanikariek noiz konponduko zain.

Nazioarteko Mugikortasunaren Astea ospatu da asteon, eta, astebururako, Iruñeko Udalak bizikletak konpontzeko tailerra paratu du Gazteluko plazan. Urtero errepikatzen den ekintza da bizikleta konponketa, eta, tantaka-tantaka, dozenaka lagun bertaratu ziren. Haurrentzat, erraterako, mugikortasun jasangarriari buruzko ekintzak ere antolatuak ziren, baina eguraldi txarra dela-eta bertan behera utzi zituzten.

Bertaratutakoekin pozik solasean zen Diego Martin mekanikaria. Ciclos Martin enpresakolangilea da, eta urteak daramatza Gazteluko plazan paratzen dutenerakusmahaian bizikletak konpontzen. Urtero egindako ekintza izanagatik, ia bizikleta denek antzeko arazoak izaten dituztela nabarmendu du Martinek:«Normalean gauza txikiak izaten dira, balaztetan arazoak eta mantentze orokor falta». Martinek kontatu du jendeak bizikleta gero eta gehiago erabili arren bizikletaren kultura falta handia dagoela: «Jendeak ez daki oinarrizko gauzak egiten, eta asko beldurtu egiten dira».

Horixe da Nieves Agirreren kasua, bizikletaz igaro da Gazteluko plazatik, eta bertan gelditzea erabaki du bizikletari egin beharreko konponketak ikusteko: «Duela bi urte erosi nuen, eta ez diet orain arte jaramonik egin konponketei. Hemen gelditu eta konturatu naiz gurpilak haize gabe ditudala».

Gauza txikiak dira konpontzen ari direnak, eta Martinek kontatu du bati baino gehiagori esan behar izan diotela astelehenean tailerretik pasatzeko:«Oinarrizko konponketak egiteko materiala bakarrik ekarri dugu, eta gauza batzuk konpontzeko leku eta denbora gehiago behar da».

Gaur ere bai

Euripean iritsi da Fermin Martinez Gazteluko plazara. Egitasmoaren antolatzaileetako bat da, eta tartetxoa hartu du bizikletari errepasoa egiteko. «Egunero joan-etorri laburrak egiteko erabiltzen dut, eta ez diot arretarik jartzen nola dagoen begiratzeari. Gaurkoa horretarako aprobetxatuko dut». Eta bai ongi aprobetxatu ere; izan ere, mekanikariak bizikleta ikustean konturatu dira balazta lotzen duen hodia apurtzekotan duela. Balio izan dio, beraz, geldialdiak.

Gaur ere Gazteluko plazara joaten denak izanen du bizikleta konpontzeko aukerarik. Sarasate pasealekutik abiatuta, martxa eginen dute 11:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.