ATZEKOZ AURRERA

Reggae aparra hondarretan

Olatu Talka jaialdia egiten ari dira Donostian, hamargarrenez. 200 ekitaldiz gozatzeko aukera da egunotan hiriko hainbat txokotan; besteak beste, reggae festaz, Ondarreta hondartzan.

Artista ugari aritu ziren atzo reggae musika jartzen, Ondarreta hondartzan. GORKA RUBIO / FOKU.
Izaro Zinkunegi Barandiaran.
Donostia
2019ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Bob Marley ezagutzen du jendeak, baina dub musikan estilo asko daude»,esan du Asier Moreno Takin Ova Lova musikariak. Horren lekuko izan zen atzo Donostiako Ondarreta hondartza; Marleyren eta beste hainbat artistaren doinuekin dantzatu zen jendea Ondarreggae festan, hamargarren Olatu Talka jaialdian.

Hondartza garaia hasi berri da, eta igartzen da hori Ondarretan: eguzkitako koloretsuz bete da ingurua. Olatuen hotsa entzuten da itsasertzean, baina reggae doinuak ere zabaldu dira pasealeku ondoko karpatik. Reggae zaleen topagune bihurtu da. Han dabil Iker Beñaran, Bassque Reggae Kultur elkarteko kidea: «Donostialdeko talde bat gara; duela urtebete inguru hasi ginen reggae eta sound system musika sortzen». Reggae musika entzuteko eta ezagutarazteko asmoz antolatu dute Ondarreggae festa, lehenengoz.

Karparen gerizpera sartu dira Aixa Hernandez eta Arrate Otaño donostiarrak. Maite dute reggae musika. «Arazo guztiak ahazteko balio du, lasaitzeko», azaldu du Hernandezek. «Eraman erraza da, ez dizu buruko minik eragiten», gehitu du Otañok. Egun osorako etorri dira, musikaz eta hondartzaz gozatzera.

Musika gosez daude Bittor Fernandez eta haren lagunak ere. «Basauritik etorri gara. Festa giroa izaten da halakoetan». Kontzertuen aurretik, ordea, Sir James Danino artistaren hitzaldia entzun dute. Reggaearen historia izan du hizpide: haren bilakaera, musikariak, abestiak eta beste.

Bigarren eskuko azoka

Lurrean eserita egon da jendea hitzaldiak iraun duen bitartean. Ordea, Si'Art Sound eta Isens artistak musika jartzen hasi orduko altxatu dira. Laster hasi dira gorputz adarrak astintzen; eztarriak ere astindu dituzte 54-46, That's My Number abestia jartzean.

Hondartza ez ezik, pasealekua ere girotu du reggaeak. Mercadabadillo azoka dago han, bigarren eskuko objektuen feria. Arropak, altzariak, liburuak eta abar daude. «Dabadaba tabernan sortu zen azoka, duela lau urte. Kanpoan egiten hasi ginen gero», esan du Laura Barrutia antolatzaileak.

Igor Akarregik eta Uxue Aizpunek arropa eta oinetakoak dituzte salgai. Donostian bizi dira ikasketak tarteko, baina Ondarroakoa (Bizkaia) eta Gareskoa (Nafarroa) dira, hurrenez hurren.«Noizean behin, bigarren eskuko azoka egiten zutela jakin genuen sarean, eta animatu egin gara», azaldu dute.

Azoka amaitu eta gero ere jarraitu du festak Ondarretan. Makina bat artistak jarri dute musika, batak bestearen atzetik. Goizeko ordu txikiak arte egin dute dar-dar karpako bozgorailuek, baita reggaezaleek ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.