Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Ikasgaia Yolandarekin

2020ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Dogma ofizialak hausteko. Yolanda Gonzalezen anaia Asierrekin solasaldi mamitsua eduki zuen Dani Alvarezek Boulevard saioan, REn, herenegun. Eraildako Deustuko gaztearen kasuak argigarria behar luke izan bortxazko iraganari zintzoki aurre egin nahi dion kazetaritzarentzat. Kasu paradigmatikoa baita, estatuaren biktimen zenbait ezaugarri dauzkana berarekin: biktimaren izendapen ofiziala izateko familiak urteetan borroka egin behar izana, zarata mediatikoa ez sortzeko familia horren joera, eraildakoaren memoria lekuak maiz erasoa izana, hiltzaileak trantsizioan zein demokrazian estatuaren aldetik faborezko tratua jaso izana... Baditu nahikoa osagai auzitan jartzeko iragana «sektore politiko baten terrorismoaren eta inkontrolatu batzuen abusu polizialaren» eskemara murrizten duen analisia. Eta auzitan jartzeko gaizki jokatu izanaren aitortza alde bati soilik eskatu behar zaiola dioen dogma interesatua.

Elkarri mokoka. Euskal abertzaletasuneko bi familia nagusien ordezkari mediatikoak muturka jartzeko formulak badauka interesa; eta baita morboa ere, zergatik uka. Iñaki Gonzalezen eta Iñaki Iriondoren arteko ahari-proba dialektikoak errentagarri atera zaizkio REri, azken urteetan, Boulevard zein Ganbara saioetan. Bertsio berritua, belaunaldiz gaztetua, Naiara Pinedo-Beñat Zarrabeitia bikoteak dakargu azkenaldian. Bikain biak. Baina hobe, pittin bat otzanduko balute batak besteari erantzuteko (mozteko, ezeztatzeko...) erakutsi ohi duten amorrazio hori.

Herrera kolokan? Espainiako eskuin orbitako hedabideek egunotan zabaldutakoari kasu eginez gero, Cope irratian izututa daude Juan Jose Omella katalana Espainiako Gotzainen Biltzarreko buru izendatu dutela eta. Omella ez daukate espainiar nazionalista-nazionalistatzat —Rouco Varelaren eta enparauen antzera—, eta, hortaz, Carlos Herrera esataria kili-kolo legoke. Aireratu duten aurre-zantzu horrek ez du funtsik, nolanahi ere. Lau arrazoi bai baitaude aintzat hartzeko: gobernuaren eta gizarte aurrerapausoen aurkako ofentsiban eskuinaren ahari-buru mediatikorik sendoena da Herrera; badu ospea eta irudia inguru soziologiko horretan; Ser katearen uhinetako erregetza historikoari itzal egin diezaiokeen baliorik kotizatuena da; eta, gainera, gotzainen irratiari egundoko diru sarrerak eragin dizkio azken urteetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.