ATZEKOZ AURRERA

Hormaren tokian, harria

'Intsumisio plaza' izena eman diote Iruñeko kartzela zaharra zegoen orubeari. Zenbait udal ordezkarik, intsumisok eta haien gertukoek besta giroan egin dute inaugurazio ekitaldia.

Udal ordezkariak eta intsumisoen eta haien familiako kideen ordezkariak, oroitarria erakusten. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2018ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Armadaren etorbidetik 300 metrora, han da, antimilitarismoaren eta intsumisioaren borrokaren memoria bizirik mantendu nahian. Iruñeko kartzela zaharraren orubea Intsumisio plaza da atzoz geroztik. Horma erraldoiak ziren tokian oroitarri bat dago orain: «Askatasuna. Intsumisioa. Garaipen historiko bat», dio harriak, zizelkaturiko hitzen bidez. Jende anitz elkartu zen inaugurazioan.

Ostegun iluntzeetan intsumisoen familietako kideek martxa egiten zuten San Lorentzo elizatik kartzelara. Atzo ere egin zuten, baina beste aldarte batean: besta giroan. Duela sei urte eraitsitako kartzelarako bidea Broken Brothers Brass Band taldearen doinuekin dantzan egin zuten. Ondoren etorri zen sinbolismoz eta diskurtso politikoz beteriko inaugurazio ekitaldia. Argi utzi zuten, intsumisoen aldeko plaza ez ezik, kartzela hartan sufritu zuten preso guzien memoria gordetzeko lekua ere izanen zela.

Duguna taldeak jarri zituen dantza eta musika: Peio Iraizozek egindako oroitarriari aurreskua eta Intsumisoarena kanta. Beste sinbolo batzuk nahi gabekoak izan ziren. Oroitarria estaltzen zuen oihala kendu ezinik ibili ziren udal ordezkariak, eta, azkenik, bertaratutako batek lagundu zien euskal presoak etxeratzeko eskatzen zuen banderaren makilarekin. Sinbolikotik asko zuen Iruñeko Udala han egoteak ere.

Joseba Asiron Iruñeko alkateak esan zuenez, Nafarroako protesta baketsurik «inportanteena» izan zen intsumisoena. «Garaipen hura erreferente izan zen, ez soilik gurean, baita Europan ere». Betebehar «bidegabea» bertan behera uztea lortu zuten: soldaduska. «Nola? Injustiziari aurre egiten dionaren determinazioz».

Desobedientziaren lorratza

Intsumisoei «gizarteari egindako ekarpena» eskertzeaz gainera, alkateak aitortza egin zien kartzela horretan egon ziren gainerako presoei. Baita Iñigo Ramirez intsumisoak ere, han txiroenak, gaixoak eta disidente politikoak zeudela gogora ekarriz. Haren ustez, sufrimenduaren arrastorik ez uzteko eta «zapalketa eta duintasunaren memoria eraitsi nahian» bota zuen kartzela UPNk.

Desobedientzia zibilari gorazarre egin zion jarraian, horri esker espetxean ere libre zirela azalduz. «Hamaika erabilera izan ditu geroztik: harro gaude errebeldia kate global baten parte sentitzen baikara».

Familiakoek itxi zuten ekitaldia. Argiñe Salanuevak bere anaia Unai eta hil diren gainerako intsumisoak gogoratu zituen. Conchita Salinasek txalo zaparrada jaso zuen diskurtso zintzo baten ondotik: «Hain zen ederra zuen utopia, pentsatu gabe batu ginen. Zer ederra litzatekeen munduan armak desagertzea. Elkar maite behar dugu, inolaz ere ez hil».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.