Noiz sortua: 2020-02-27 00:30:00

Kataluniako gatazka politikoa. Gobernu arteko bilera

Espainiako eta Kataluniako gobernuak, bide «zaila» hasteko ados

<b>Moncloa.</b> Bileraren aurretik, Moncloa jauregiaren inguruan paseoa egin zuten Torrak eta Sanchezek.
Moncloa. Bileraren aurretik, Moncloa jauregiaren inguruan paseoa egin zuten Torrak eta Sanchezek. KIKO HUESCA / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Gorka Berasategi Otamendi -

2020ko otsailak 27
Espainiako Gobernuak eta Kataluniakoak bi erakundeen arteko elkarrizketa mahaiaren lehen bilera egin zuten atzo, Madrilen. Lehen bilkura horrekin, Kataluniako gatazka politikoari irtenbidea bilatzeko esparrua eratu zuten bi aldeek. «Bilerako gauzarik garrantzitsuena bilera bera egitea zen». Hitz horiekin adierazi zuen Quim Torra Kataluniako presidenteak nolako pisua ematen dion Generalitateak gobernu arteko mahaia abian jartzeari. «Lehen pauso garrantzitsua da erakundeen arteko harremana normalizatzeko», adierazi zuen Maria Jesus Montero Espainiako Gobernuko bozeramaileak bilera ostean.

Mahaiari segida emateko oinarri bat adostu zuten bi gobernuek atzo, eta ohar bateratu baten bidez eman zuten akordio horren berri. Batetik, adostu zuten elkarrizketa mahaia hilero biltzea. Presidenteek eta presidenteordeek, baina, ez dute hileroko batzar horietan parte hartuko. Gobernu bakoitzak ordezkaritza bana izendatuko du, eta horien ardura izango da ohiko bileren garapena. Bilkura horiek Madrilen eta Bartzelonan egingo dituzte, txandaka. Beraz, hurrengoan, martxokoan, Bartzelonan elkartuko dira. Bi gobernuetako presidenteek eta presidenteordeek sei hilabetean behin edo akordio politikoak berretsi behar direnean parte hartuko dute ordezkaritzen bileretan.

Horrez gain, ohar bateratuan adierazi dute aldeen arteko akordio oro «segurtasun juridikoaren esparruan» egin beharko dela.

Torrak garrantzia aitortu zion mahaiaren lehen bilerari. Adierazi zuen «eztabaida zintzoa» eta «irekia» izan zela, eta balio izan zuela «bakoitzaren posizioak» azaltzeko. Hiru orduz egon ziren bilduta. «Garrantzitsua zen bi gobernuak esertzea, gatazka dagoela aitortzea eta konponbidea bilatzea, segurtasun juridikoarekin».

Monterok ere urratsa nabarmendu zuen, eta iragarri zuen «beste etapa bat» hasiko dela orain, «zintzotasuna eta ardura» oinarri izango duen «klima berri bat». Hala ere, ohartarazi zuen ezin dela epe motzean uztarik espero. Haren esanetan, bi aldeak jakitun daude prozesuak «luze» joko duela. «Oztopo guztiak gainditzeko borondatea dugu».

Hortik aurrera, agerian gelditu dira bi aldeen arteko desadostasunak, mahaian bertan aurkeztu dituzten kezketatik hasita.

Jakina zen Generalitateak zer proposatuko zuen. Aurreko egunetan iragarri zuen gisan, Kataluniaren autodeterminazio eskubidea gauzatu ahal izatea eta amnistia jarri zituen mahai gainean Torrak. Haren iritziz, horiek dira gatazka politikoa konponbidean jartzeko «oinarriak». Generalitateko presidentea kexu agertu zen, ordea, beste aldeak ez ziolako proposamenari erantzun. «Espainiako Gobernuaren proposamena zein den jakin gabe gaude oraindik».

Azaldu zuenez, Madrilgo ordezkariek bileran interes handiagoa agertu zuten «gai sektorialak» aztertzeko. Torrak uste du «oso garrantzitsuak» direla horiek ere, baina ohartarazi du arlo horiei «beste bide batzuk» dagozkiela. Hain justu ere, adostu zuten bitariko batzordean eztabaidatzea sektorekako gai horiek.

Monterok adierazi zuen jakina dela Espainiako Gobernuaren jarrera autodeterminazioari eta amnistiari dagokionez: «oso urrun» daude Generalitatearen planteamenduetatik. Elkarrizketa prozesua gai arantzatsuenetatik ez hasteko eskatu zuen. «Bila ditzagun akordio puntuak, blokeoa gaindituko duten proposamenak egin ahal izateko». Monteroren esanetan, ezinbestekoa da Kataluniako eta Espainiako gobernuek identifikatzea zer gaitan egin dezaketen aurrera eta zertan ez, eta «elkar entzutea». «Elkarrizketaren bidez soilik eraiki daiteke elkarbizitzan oinarritutako etorkizun bat Katalunian, eta Kataluniaren eta Espainiaren artean».

Bide horretan, «herritarren arazoei» erantzungo dieten neurriak adostu beharra aipatu zuen Madrilgo gobernuko eledunak, eta gogora ekarri zuen Pedro Sanchez Espainiako presidenteak Torrari Bartzelonan aurkeztu zion agenda, besteak beste azpiegitura eta finantzaketa proposamenak biltzen zituena.

Aurrekontuak

Proposamen horiek Espainiako aurrekontuak onartzeko beharrarekin lotu zituen bozeramaileak —Ogasun ministroa ere bada—. Nabarmendu zuen «hobekuntza» horiek aurrekontuetan mamitzen direla, eta arlo horretan akordioak lortzen badira ezinbestekoa izango dela Espainiako Gobernuak horiek gauzatu ahal izateko kontuak onartuta edukitzea.

Espainiako Kongresuak gastu mugari buruzko bozketa egingo du gaur, eta Sanchezen gobernuak beharrezkoa du indar independentisten aldeko botoa.

Monterok gaineratu zuenez, gai horietako batzuk bitariko batzordean landuko dituzten arren, beste batzuk, «garrantzitsuagoak direnak», mahaian eztabaidatuko dituzte.

Bestalde, nazioarteko bitartekari baten parte hartzeari buruzko eztabaida ere mahai gainean jarri zuen Kataluniako Gobernuak. Torrak azaldu zuen lagungarria litzatekeela elkarrizketa «argitzeko eta distortsiorik ez egoteko». Espainiako Gobernuaren aldetik, ordea, ez da aldaketarik izan: ez du beharrezko ikusten rol horretako inor, gobernuen arteko elkarrizketa «guztiz gardena» izango delako, eta herritarrak «lekuko» izango direlako.

Albiste gehiago

Apirilaren 1ean eguneratua, 14:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 9.358 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda, administrazioen arabera. 501 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 2.134 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Etxeetara elikagaiak eramateko taldeak antolatu dituzte Milanen. ©Matteo Corner / EFE

Izurriak 823.626 pertsona kutsatu eta 40.598 hil ditu munduan

Berria

Dagoeneko 501 pertsona hil ditu gaitzak. Hego Euskal Herrian 9.335 kasu diagnostikatu dituzte. Sindikatuek gutun bat bidali diote Denis Itxaso Madrilek EAEn duen ordezkariari, besteak beste zentralizazioa bertan behera uzteko eskatzeko, eta Maddalen Iriartek mahai bat eratu nahi du erabakiak hartzeko

1983ko abuztuan, Busturian, uholdeetan. ©BERRIA

Zer egin krisi bati aurre egiteko?

Enekoitz Esnaola

Jaurlaritzako eta Nafarroako lehendakariek, euskal gatazkako indarkeriaz gain, zenbait garai sozial gogor ere bizi izan dituzte 40 urteotan: uholdeak, sute eta istripu larriak, krisi ekonomikoak... Carlos Garaikoetxeak, Jose Antonio Ardanzak, Patxi Lopezek eta Uxue Barkosek lehendakari gisara bizi izan zituzten krisietan izandako esperientziak kontatu dizkiote BERRIAri. Garrantzia eman diote gertutasuna eta sentsibilitatea izateari, baita neurriak hartzeari ere.

Herrialdeka, Bizkaian aurkeztu dituzte dosier gehien. ©Marisol Ramirez / Foku

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna